Oñatiko udala

Appa hi! aplikazioa sortu da Oñatiko hika ikasteko

2021/11/24
Card image cap
Hikaldiaren aurkezpena atzo
Abenduaren 5a bitartean luzatuko den Hikaldixa egitarauaren baitan kokatzen da ekimena

  Berez Hikaldixa azaroaren 26tik abenduaren 5a bitartean gauzatuko den arren, Appa hi! aplikazioa erabilgarri dago jada. Eskuko telefonoen bidez Oñatiko hitanoa 5 astetan ikasteko aplikazioa da, Badihardugu elkarteak eta CodeSyntax-ek garatu dutena. 35 egunetan, eta eguneko pilula batean, hitanoaren funtsa ikasi eta galdera-erantzun jolasaren bitartez barneratzeko aukera ematen duen aplikazioa da Appa Hi!. Horretarako hainbat azalpen ematen dira, marrazkiz eta bideoz osatuta.

  Egunean behin jolasarekin parekatu daiteke Appa Hi! baina talde lehiaketa izan ordez, hitanoa ikasteko autofroga eta ebaluazio sistema da. Hala, partidak errepikatu egingo dira galdera guztiei zuzen erantzun arte eta asteko errepasoa gaindituta, mailaz igoko da. Guztira bost maila gainditu beharko dira, aste bakoitzeko bat. Bakoitzaren erritmora osatu ahal izango du ikasketa prozesu berezi hau. Oñatiko hitanoa modu ludikoan barnerako aplikazioa da Appa Hi!.

  Mugikorrerako aplikazio berezi horren bidez ikasitakoa  praktikara eramateko aukera izango da Hikaldixan, azaroaren 26tik abenduaren 5era. Hitanoa praktikatzeko txapak egin dira eta udaletxeko HAZ bulegoan eta Irizar estankoan eskuragarri daude, entzule edo hiztun aktibo moduan parte hartzeko, Euskaraldian ezagun egin ziren belarriprest eta aho bizi rolak errepikatuz.

  Baina Hikaldixa ez da hitanoa praktikatzeko epera mugatuko, hainbat hitzordu eta ekintza konkretu antolatu baitira hitanoa erabili ahal izateko. Ostiralean, ingor xonau hika? egitasmoaz argibideak eman eta solasaldia egingo da Gaztetxean. Azaroaren 27 eta abenduaren 5erako hika-triki-poteoak antolatu dira. Azaroaren 28an, hika bertso saioa izango da Gaztelekuan eta abenduaren 2an kontzertua Atzoko Ogixa taldearekin Gaztetxean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!