Antzerki emanaldiak, lehiaketa, kantu saioa eta liburu erakusketa antolatu dira Euskararen Egunaren harira
Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean aritu dira egitaraua prestatzen. Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina ekintzak bi egun lehenago, abenduaren 1ean hasiko dira Tartean antzerki taldearen emanaldi bikoitzarekin; Ai gure juaneteak! lana taularatuko da. antzazlana ikuskizun eszeniko hibridoa da, Mikel Laboaren abestiak oinarri hartuta hitzak eta musika tartekatzen dituena. Izan ere, kanten letren berrinterpretazioa egiten du Patxo Telleria aktoreak. Ai gure juaneteak lana batxilergoko ikasleentzat taularatuko da astelehen eguerdian, eta interesa duten herritar guztientzat errepikatuko da 19:00etan. Sarrera doan izango da. Taldearen agenda arazoek aurreratu erazi dute antzerkirako hitzordua.
Baina Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizun nagusiak asteazkenean, abenduaren 3an bilduko dira. Eguerdian, eta DBH4. mailako ikasleei zuzenduta, Appa hi! lehiaketa izango da Gaztelekuan. Hitanoa ikastetxeetan lantzen dute eta noka/toka erregistroak zenbateraino barneratu dituzte frogatu beharko dute gurean hirugarren aldiz egingo den lehiaketa honetan. Arratsaldean, berriz, familia eta herritar orori zuzenduta euskal kantu saioa eta txokolate jana izango da kontzejupeian, beste urte batez. Ikastetxeetako guraso elkarteek txokolatea banatuko dute eta ikasleek bizkotxoak salduko dituzte, ikasbidaiarako dirua lortzeko helburuz.
Liburutegiak ere bat egingo du Euskararen egunarekin, eta 2025ean zehar euskaraz argitaratu diren liburuen erakusketa egingo du, Durangoko azokarako atera diren nobedadeei leku berezia gordeaz. Oñatiko Esperientzien Gelak ere gogoan hartu du abenduaren 3a Euskararen Eguna dela eta Gabriel Aresti Bilboko poetari buruzko hitzaldia antolatu du asteazkenerako. Goienagusik Xabier Monasterio gonbidatu du Santa Ana aretora, Gabriel Arestiri gorazarre izeneko hitzaldia egitera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!