Anttoni Gomez eta Eduardo Korkostegi omenduko dira igandean, Parrokiako koruetan egindako ekarpena eskertuz
Santa Zeziliaren ospakizunen baitan omenduko dira parrokiako koruetako kideak, lehenengoko aldiz. Urteetan egin duten ekarpena eskertuz bi abeslari omenduko dira: emakumezkoen korua beste hiru lagunekin batera sortu zuen Anttoni Gomez, batetik, eta mutikotatik gizonezkoen korura batu eta ia bizitza osoa bertan eman duen Eduardo Korkostegi, bestetik.
Emakumezkoen korua orain 40 urte sortu zen eta 12 lagunek osatzen dute egun. Igandetako elizkizunetan parte hartzen dute, nagusiki, baina tarteka gizonezkoen koruarekin batera aritzen dira, hileta edo egun seinalatuetako elizkizunetan. Ostegunero entsegatzen dute eta horretan fin-fin aritzen da Bittori, taldeko beteranoena. Eduardo Korkostegik berriz, 65 urte daramatza parrokiako koruan, beste 23 lagunekin batera. Hauek astelehenetan entsegatzen dute eta hileta elizkizunetan kantatzen dute. Batzuek zein besteek 180-200en bat emanaldi egiten dituzte urtean zehar, beti parrokian, edo orain itxita dagoela agustindarren elizan, eta beti musutruk.
Koruko zuzendari Iñaxio Ibarrondo iaz omendu zuten eta aurten taldeko bi abeslarik jasoko dute aitortza, lehenengo aldiz. Anttoni Gomezek eta Eduardo Koskostegik esker oneko oroigarria jasoko dute domekako meza nagusiaren ondoren. Parrokiako Koruko kideak dira baina eraikina eraberritzen ari direnez itxita dago eta omenaldia agustindarren elizan jasoko dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!