Anticimex enpresari esleitu zaio hirigune historikoan termiten izurritea kontrolatzeko zerbitzua

Hirigune historikoan egurrezko egitura duten eraikinetan termita jarduera izan dutela edo eraso arriskuan daudela ikusi zen iaz. Udaberrian termiten aktibitatea bizitu egiten dela jakitun, arazoari aurre egitea erabaki zuen Udalak eta izurritea kendu eta kontrolatzeko zerbitzuaren kontratazio abian jartzea erabaki zen, martxoko Osoko Bilkuran. Era berean, zerbitzua bost urtetarako kontratatzea aurreikusi zenez, 2026-2029 arteko aurrekontuei begira, konpromiso kreditua onartu zen.
Deialdira enpresa bakarra aurkeztu zen: Anticimex 3D Sanidad Ambiental S.L izurriteen kontrolean espezializatutako enpresa. Jasotako proposamenak jarritako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren zerbitzua esleitzea erabaki zen, kontratua, atzo bertan sinatuz. Termiten izurritea kendu eta kontrolatzeko zerbitzua 92.442 eurotan egingo du Anticimex enpresak, Udalak zehaztu zuen gehienezko aurrekontua ia 13.000 eurotan merkatuta. Gainera, lanen berme epea bost urtez luzatuko du. Lanak berehalakoan hastea espero da.
Udalaren eskariz Oñatiko Termiten Mapa osatu zuen Tecnalia enpresak iaz, kasko historikoan dauden eraikinetan termiten afektazio maila ezagutzeko; egurrezko egitura duten 109 eraikin eta 13 orube ikuskatu ziren eta 34 eraikinetan termita jarduera izan dutela edo dutela ondorioztatu zuten teknikariek. Gainera, beste 70 eraikinetan eraso arriskua antzeman zuten. Beraz, egurrezko egitura duten kasik eraikin guztiak mehatxupean daude. Berez Udalei ez dagokie termiten izurriteak kontrolatzea baina Oñatin egurrezko egitura duten eraikinak asko direla ikusirik, arazo bihurtu aurretik, esku hartzea erabaki da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!