Oñatiko udala

Animalien garraiorako ibilgailuak desinfektatzeko zerbitzua martxan jarri du Zubillagako hiltegiak

2025/10/10
Card image cap
Baserritarren lana erraztea da zerbitzu berriaren helburuetako bat

  Animaliak errepidez garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko betebeharra ezarri zuen duela sei urte 638/2019 Errege Dekretuak. Ondorioz, ehiztari, hipika zale, baserritar zein lehen sektoreko gainontzeko profesionalak behartuta daude ibilgailuak desinfektatzera edozein animalia garraiatu ostean, bizirik edo hila, zoonosi oro saihesteko. Zubillagako abere hiltegian animalien garraiorako ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzu berria martxan jarri dute, baserritarren lana errazteko helburuz. Garbitze eta desinfekzio zerbitzua edozeinentzat da, hiltegiko erabiltzaile izan ala ez.

  Garbiketa norberak egin behar du eta 2,5 euroko kostua du fitxa bakoitzak. Garbitze zerbitzuaren ordutegia librea da. Aldiz, desinfekzioa Zubillagako langileen ardura da eta horregatik, hiltegiko ordutegiaren barruan egin behar da, astelehenetik ostiralera, 7:00etatik 13:30era. Desinfekzioaren prezioa aldatu egiten da ibilgailuaren arabera: 5 euro karroak, 10 euro kamioiak eta 15 euro abereak hiltegira eramaten ez dituzten ibilgailuak, ehizarako, hipika edo beste jardueretarako erabiltzen dituztenak.

  Ibilgailuen garbiketa eta desinfekzio prozesuan oinarrizko pauso batzuk jarraitu beharko dira: ibilgailua zamalanetarako kaian aparkatu eta ganadua deskargatzen da, lehenik, eta hondakinak atera eta dagokion edukiontzira bota ondoren, garbiketa gunera eraman behar da. Fitxa sartu eta presiora irteten den urarekin ibilgailuaren kanpoaldea eta barrualdea garbitu; egoki egin dela ikusi ondoren, ibilgailua desinfekzio arkutik pasatu beharko da abiadura baxuan. Amaitzeko, hiltegiko langileak hartuko du ibilgailua eta desinfektatuko du, azienda sartzeko atea zigilatuz. Garbiketarako beharrezkoak diren tresnak, palak, eskuilak eta bestelakoak hiltegiko bulegoan egongo dira erabiltzaileen esku eta prozesua amaitu eta hauek itzultzerakoan, desinfekzio ziurtagiria jasoko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!