Anbulatorioko aparkalekua hutsik utzi beharko da bihar, zoruan sentsoreak jartzeko

Azken lan horiek bakarrik falta dira apiriletik amaituta dagoen disuasio aparkalekua irekitzeko, hau da, ibilgailuak antzemateko sentsoreak jarri eta informazio hori azalduko duen panela instalatzea bakarrik falta da. Panela gaur goizean prestatzen ari omen ziren eta sentsoreak bihar jarriko dituzte. Sentsoreak, kiroldegi atzealdean egokitu ziren 16 aparkaleku plazetan ez ezik, anbulatorio atzealdeko plazetan ere jarriko dira, osasun etxeko beharretarako erreserbatuta daudenak salbuetsita.
Kiroldegi atzealdean 16 aparkaleku plaza egokitu dira, joan-etorriko errei bakarra eta itzulia egiteko zabalgunea. Trafikoa errazteko, ibilgailuak antzemateko sentsore berezia jarriko da plaza bakoitzean, okupatuta edo libre dagoenaren informazioa bidaliz San Juan kaleko biribilgune inguruan egokitzen ari diren panelera. Baina disuasio aparkaleku moduan eratu zen hau osasun etxearen atzealdeko aparkalekuaren jarraipena ere bada, eta sentsore sistema eremu osora zabaltzea erabaki da. Sentsoreak bihar instalatuko dira eta horretarako aparkaleku guztiak husteko kartela prestatu da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!