Anbulatorio inguruko irisgarritasun lanak astelehenean hasiko dira.

2012/10/15
Asteartetik aurrera, errepidea anbulatorio parean moztu egingo da hiru hilabetez. Lanak, osasun zentroaren aurrealdean hasiko baitira.

  Osasun Zentroaren inguruko urbanizazioa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanak bi fasetan egingo dira: Lehenean, lanak, anbulatorio aurrealdetik kiroldegiko eraikin berrira arteko tartean egingo dira.
Bigarren fasean, berriz, Bidaurretako errotonda pareraino luzatuko dira. Lanek, guztira, hiru hilabeteko iraupena izango dute. Tarte horretan San Juan kaletik Bidebarrietara doan errepidea moztuta egongo da, anbulatorio ondoko errotonda inguruan.

  Lanak, osasun zentroaren aurrealdean egiten diren lehen hilabetean, kiroldegia eta ikastola aurrealdeko aparkalekuak erabilgarri egongo dira, nahiz eta, autoak Bidebarrieta aldetik sartu eta irten beharko diren. 
Bigarren fasean berriz, kiroldegi ondoko errotondaraino zabalduko dira. Ondorioz, bidea, Bidebarrietako errotonda parean itxiko da. Bertaraino doazen autoak biribilgunean buelta hartu eta Bidebarrieta kaletik Arantzazuko ama kalerantz irten beharko dute.

  Guztia prestatzen astelehenean bertan hasiko dira: langileentzako aldagelak eta materiala San Juan kaleko txaleten azpiko espaloi inguruan kokatuko dira eta obra gunean dauden edukiontziak ere bertara aldatuko dira.

  Lanek irauten duten bitartean, Otxuena etxeko eta San Juan kale 9 eta 13 zenbakidun etxeetako garajeetara ezin izango da sartu. Hori jakinaraziz, dagozkien oharrak jarriko dira bebarruetan.

  Ikastolako autobusa berriz, Bidebarrietako errotondo parean geratuko da haurrak hartu eta uzteko.
Astelehenean hasiko den obraren interbentzio nagusia, anbulatorio aurrealdean egingo da. Ingurua, oztoporik gabeko plataforma bakar bihurtuko da eta espaloiak eta galtzada maila berean jarriko dira, kiroldegi aurrealdean dagoen gorri koloreko asfalto guneari jarraipena emanez. Anbulantziak geratzeko gune bat ere markatuko da osasun zentroaren aurrealdean.

  Kiroldegi aurrealdean elbarrientzat dauden aparkalekuak berrantolatuko dira eta beste plaza bat egokituko da errepidearen bestaldean. Ikastolak autobusarentzat erreserbatutako aparkalekua ere lekuz aldatuko da lurrazpiko parkinera sartzeko igogailua dagoen gunerantz.
Udaltzaingoaren egoitzarako sarreran arrapala egokituko da eta Bake epaitegirako sarbide zuzena egingo da.

  Lanak, Egaralur enpresak egingo ditu 91.500 euro gehi BEZaren truke.

  Gogoratu, asteartean hasi eta hiru hilabetez, San Juan kaletik Zubikoa kiroldegira doan errepidea moztuta egongo dela anbulatorio ondoko errotonda parean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!