Anapé taldeak hiru sari nagusi eskuratu ditu Oñatiko XII. laburmetraien rallyan

2021/11/08
Card image cap
Anapé taldea
Antolatzaileen sari berezia, lehiaketako lehenengoa eta aktore onenen sariak irabazi ditu

  Larunbatean jokatu zen Oñatiko laburmetraien rallya. 17 talde aritu ziren goizean goizetik sukaldea gaiaren bueltan beren lanak osatzen. Horretarako, antolatzaileek emandako hainbat lekutan grabazioak egin zituzten eta zapatak sartzen laguntzeko kaltzadorea erabili zuten, hori izan baitzen derrigorrean agertu beharreko objektua. 19:00tarako ordea, 16 lan bakarrik aurkeztu ziren, beste bat beranduago entregatu zen, eta ondorioz, lehiaketatik kanpo utzi zen, nahiz eta youtuben ikusgai dagoen.

  Anapé taldearen Erdoilgaitz lanak sorpresa eman zuen lehian ziren sei sarietatik hiru eraman baitzituen: epaimahaiaren sari berezia, agertu beharrreko objektuaren erabilera egokiarengatik, lehenengo saria eta aktore onenarena ere bai. Kasu honetan aktore nagusiak mugimenduan jarritako goilara, sardeska eta labanak izan ziren. Alde horretatik, debut oso originala izan du Anapé taldeak laburmetraien rallyan, parte hartu duen lehen aldia delako.

 Sarituen zerrenda osatzen, berriz, beteranoak: bigarren saria LPM taldearen Sukhildek eskuratu zuen eta hirugarrena, Dwingi Dwingiren La Palma jatetxea filmak. Ikusleen saria berriz, Hulia Gora Sinema taldearen Janpasa lanak eraman zuen.

  Larunbateko lan guztiak laburmetraien rallyaren  youtubeko kanalean ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!