Oñatiko udala

Amazoniari buruzko mintegia egiten ari dira Lege Soziologia Institutuan

2026/07/16
Card image cap
2026ko workshop egutegiko azken aurreko mintegia da

  Amazonia aparteko eskualdea da; lurreko oihanik handiena eta biodibertsitaterik anitz eta zabalena dago bertan baina kezka-iturri ere bada, ingurumen-arrazoiak tarteko. 9 herrialdek bat egiten dute Amazonian eta baliabide naturalak eta bertan bizi diren herri indigenak babesteak erakusten du garapena, segurtasuna eta legeen aplikazioa eskutik joan behar dutela. Amazoniako arazoak nazioarteko foroetan eztabaidatzen dira, izan Nazio Batuetan edota Munduko Ekonomia Foroetan. Aldi berean, mundu akademikoak eta gobernuz kanpoko erakundeek arretaz begiratzen diote eskualdeari. Ikerketa asko egin dira baliabide naturalen babesaz, biodibertsitatea kaltetzeak dakartzan arriskuez edota herrialde indigenen eskubideez, besteak beste. Eta argi dago horiek gako direla eskualde honek dituen arazoak ulertzeko.

  Baina kultura juridikoa eta zuzenbide estatua ere ikertzen ditu akademiak eta horiek dira Lege Soziologia Institutuan gaur hasi den mintegian jorratzen ari direna. Amazonia eskualdeko estatu gehienetako demokraziak ahulak dira eta ezegonkortasun politikoari, pobreziari, gizarte desorekari, korrupzio maila handiari eta herritarren konfiantza faltari aurre egin behar diote. Testuinguru horretan antolaketa kriminalen ekintzak larriagotu egiten dira, nazioarteko loturak dituztelako. Kokaina ekoizle handienak inguru honetan dauzkagu eta Kolonbia, Peru edota Boliviako gatazka eta ezegonkortasun politikoan urteetan eragin dute.

  Guzti horren harira hainbat galdera planteatzen zaizkie Lege Soziologia Institutuan elkartu diren ikertzaileei: nola mantendu daiteke zuzenbide estatua Amazonian? Nola kontrolatu dezakete estatuek lurraldea eta legea betetzen dela? Ingurumen araudia modu eraginkorrean aplikatzeko egoeran al daude Amazonia aldeko estatuak? Nola aurre egiten diote eskualdean handitzen ari diren indarkeriari? Nola babestu daitezke bertako herri indigenak? Guzti horretaz eztabaidatzen ari dira gaur goizez geroztik Ibarrako artxibo eraikinean, lege soziologian aditu diren hainbat hegoamerikar eta europar.

  Kultura Juridikoa eta Zuzenbide Estatua Amazonian izeneko mintegia aurtengo egutegiko azken aurrekoa da. Datorren astean itxiko dute 2026ko workshop denboraldia Justizia eta Ongizatea Familia Zuzenbidean: banantzera edo sinbiosirantz? mintegiarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!