Amatasuna eta sexualitatearen inguruko tailerra egingo da asteartean
Amatasunean sexualitatea nola bizi den lantzeko tailerra egingo da asteartean, hilaren 27an, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren baitan. June Mendizabal eta Nahia Alkorta izango dira tailerraren dinamizatzaile eta euskaraz izango bada ere, gaztelaniarako itzulpen zerbitzua izango da, hala eskatu ezkero, eta berdin haurren zaintza zerbitzu behar bada. Tailerra 17:00etatik 19:00etara egingo da San Juan kaleko 5ean dagoen udal-lokalean. Justu egun eta ordutegi horretan elkartzen da Amatasunean bidelagun taldea eta datorren astearteko tailer hau ekintza osagarri gisa antolatu da, bai asteartetan elkartzeko dinamikaren barruan dauden amei zuzenduta baina, baita ere, modu puntualean eta tailerrera soilik joateko interesa dutenentzat. Kasu guztietan izena ematea eskatzen da, udaleko web atarian sartuta.
Tailer horrez gain, beste hainbat ere antolatu dira Jabetze Eskolaren baitan, egun bakarrekoak batzuk eta gehiagokoak beste batzuk. Tartean, eta 9-14 urte bitarteko neska gazteei propio zuzenduta, Hilerokoa ezagutzen tailerra, otsailaren 20an. Negu-udaberriko tailer eta ikastaroen berri zehatza www.oñati.eus atarian ikus daiteke eta izena ere bertatik eman behar da. Izena emateko azken eguna igandea, urtarrilaren 25a da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!