Oñatiko udala

Amalur belar dendak irabazi du erakusleiho lehiaketako sari nagusia

2025/12/18
Card image cap
Andrea Azkoagak bigarren saria, Kimu-Urtxin lora dendak hirugarrena eta Herritarren saria eta Txokolateixak Haurren saria jaso dute

  Eguerdian, eta lokalez lokal joanda, banatu dira XVIII. erakusleiho lehiaketako sariak. Bost sari banatu dira baina lau lokal bisitatu dituzte udal ordezkariek, Kimu-Urtxin lora dendak bi sari eskuratu dituelako: lehiaketaren hirugarren saria eta Herritarren saria. 897 herritarrek parte hartu dute bozketan eta lora dendak 288 bozka jaso ditu, boto guztien %32a. Baina lehiaketaren irabazlea Amalur belar denda izan da. Eskuz margotutako baso-panelen erdian salgaien bilduma txiki bat aurkeztuz, soiltasuna eta edertasuna uztartu dituen erakusleihoa osatu du. 500 euro irabazi ditu. Bigarren saria, berriz, Andrea Azkoaga Interioristak eraman du, 300 euro. Haurren saria Txokolateixak irabazi du aurten ere. Herriko ikastetxeen eta Gaztelekuko lantaldearen laguntzari esker haurren parte hartzea handia izan da aurten. Guztira 497 haurrek bozkatu dute eta 127k Txokolateixaren aldeko botoa eman dute, %26ak. 300 euroko sari berezia eraman du.

  Herritarren sariaren eta haurren sariaren bozketan parte hartu duten pertsonen artean Oñatiko saltokietan gastatzeko 100 euroko balio duten bonu bana zozkatu ditu Udalak. 26 saltokik parte hartu dute aurtengo eskaparate lehiaketan eta guztiak udaletxean eskaini den luntxera gonbidatu dira. Horrela eskertuko die Udalak erakusleihoak apaintzen egin duten lana eta herria girotzeko egiten duten ahalegina.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!