Amaitu dira Azkoagainen belar-sintetikoa aldatzeko lan nagusiak

2022/10/14
Card image cap
Asteburuan Aloña Mendiko futbol talde ezberdinek bertan jokatuko dute

  Uztailean hasi ziren berritze lanak luzatu egin dira Azkoagain futbol zelaian baina dagoeneko amaitu dira, bai behintzat lan nagusiak. Belar artifiziala aldatu da eta, aurrez, zoruan zeuden zuloak bete eta berdindu dira, uraren dreinatze sistema hobetzearekin batera. Estolda zulo eta arketa berriak egin dira, harmailetatik erortzen den ura jaso eta bideratzeko kanalizazioa egin da eta futbol zelaiaren urak jasotzeko kanaleta perimetral zati batzuk ere ordezkatu dira. Horrela, futbol zelaian sortzen ziren ur putzu handien arazoa konpondu da.

  Zelaia ureztatzeko aspersoreak guztiz berritu dira eta beste horrenbeste egin da zelaiaren bueltan dagoen babes-sarea lotzeko mastekin, hormigoizko lau masta zaharrak kendu eta metalezkoengatik ordezkatu dira. Sarearen zati handi bat ere, hiru laurdenak, berritu egin da. Jokalarien jesarlekuak konpondu dira eta astean margo lanak egin dira, porteriak, horma eta harmailak atondu eta margotu dira. Lan guztiak amaitzeko harmailetan eserleku berriak jarriko dira Ipuruatik ekarri zirenak kenduta eta aldagela estrukturan aterpe txiki bat jarriko da. Azken lan horiek egiteko materiala iristearen zain daude.

  Azkoagain erabilgarri dago jada. Astean lehen entrenamenduak egin dira eta liga txapelketetako lehen partiduak asteburuan jokatuko dira. Aloña Mendiko futbol saileko kideek publikoki eskertu nahi izan dute Antzuola K.E.ak azken asteotan eskaini dien babesa eta laguntza, entrenamendu eta partidetarako instalazioak utzi baitizkiete Azkoagaingo belarra aldatu eta bestelako lan osagarriak egin bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!