Oñatiko udala

Amaia Erostarbek zinegotzi akta utziko du uztaileko Osoko Bilkuran

2026/07/16
Card image cap
Bizi esperientziatzat eta pribilegiotzat jo du Erostarbek Oñatiren eta oñatiarren alde lan egin ahal izatea

  Amaia Erostarbe EAJren zinegotziak udal kargua utziko du gaur zortzi, uztailaren 23an egingo den Osoko Bilkuran. Gaur jakinarazi den erabakiak Oñatiko EAJrekin eta udal-taldearekin landutako hausnarketa partekatuari erantzun diola dio jeltzaleek zabaldu duten oharrak.

  Asko hausnartutako erabakia dela aitortu du Amaia Erostarbek, baina lasaitasunarekin utziko duela kargua, lana ondo eginda, eta zintzotasunez jokatuta; baita udal-taldeari ekarpenak egiten eta babesa ematen jarraitzeko asmoarekin ere. Jakin badakielako, eta hala azpimarratu du bere adierazpenetan, norbanakoaren gainetik talde gisa lan egitea dela EAJren proiektua handitu eta aberasten duena. Bizilagunen kezkak eta beharrak entzuteko gaitasuna eta oñatiarren beharrak asetu eta hauen bizi kalitatea hobetuz joateko irtenbiderik onenak aurkitzen saiatzea ere bada jeltzaleen proiektuaren indarra Amaia Erostarberen ustez. Aurrera begira, eta udal taldea ofizialki utziko badu ere, EAJri eta Oñatiri lotuta jarraituko duela eta ekarpenak egiten jarraituko duela adierazi du.

  Alderdiak berriz, balioan jarri du Erostarbek azken 11 urteetan Oñatiko Udalean egin duen lana eta urte hauetan guztietan oñatiarrenganako erakutsi duen konpromisoa, dedikazioa eta lana. Baita sentsibilitate ezberdina dutenen arteko zubiak eraikitzeko ahalegina ere. Guztiagatik, eskerrak publikoki adierazi nahi izan dizkio Amaia Erostarberi Oñatiko EAJk, aipatu oharrean zehazten denez. Oñatiarren zerbitzura bere onena emateko helburuarekin lan egin duela, hurbiltasunean, entzute aktibotian, lanean eta erantzukizunean oinarritutako politika egiteko modua defendatu duen taldeko kidea eta bozeramailea izan dela azpimarratzen da EAJren oharrean eta hurbiltasuna eta herritarrei entzuten jarraitzea EAJ-PNVren proiektua zaintzea eta indartzea ere badela. gaineratzen da.

  Urtebete baino gutxiago falta da legealdia osatzeko baina ekainera itxaron gabe zinegotzi akta utziko du Amaia Erostarbek datorren asteko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!