Oñatiko udala

Amaia Erostarbek hunkituta utzi zuen atzo zinegotzi kargua

2026/07/24
Card image cap
Bere ordezkoaren izenik ez da jakinarazi oraindik

  11 urtez bete du Amaia Erostarbek EAJren zinegotzi eta udal taldearen bozeramaile kargua. Pasa den astean iragarri zuen kargua utziko zuela eta ofizialki atzoko Osoko Bilkuran gauzatu zuen. Bere ordezkoa izendatzeko akreditazioa eskatuko dela adierazi zuen udal idazkariak baina izenik eman gabe. Izan ere, EAJk ez baitu jakinarazi Erostarberen lekua beteko duen alderdikidea nor izango den. Hurrengo Osoko Bilkura irailaren 24an egingo da eta ordurako zinegotzi berriaren izendapenerako akreditazioa bideratuta egongo da.

  Hunkituta eta eskertuta agurtu zen Amaia Erostarbe atzoko bilkuran. Herritarrei, udaleko taldekideei, udal teknikariei, familiari… eskerrak ematen hasi baina ezinean geratu zen behin baino gehiagotan eta udal ardurak utzi arren herritar moduan ekarpenak egiten jarraituko duela adierazi zuen. Lasai, egindako lanarekin pozik eta bere ibilbidean emandako guztiarekin ase doala esan zuen eta ziur dagoela proiektuak aurrera jarraitzeko prest dagoen taldea duela.

  Batzarra amaituta, EAJren udal taldekideek lore sorta oparitu zioten eta udalbatzako kideak agurtu eta besarkatu zituen. Oñatiko eta Debagoienako hainbat jeltzale eta udal ordezkari udaletxeko areto nagusian izan ziren Osoko Bilkura jarraitzen eta Erostarberi babesa ematen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!