Aloñako igoera mendi-lasterketarako bi dortsal zozkatuko ditu Udalak
Pasa den astean Zegama-Aizkorri lasterketarako hiru dortsal zozkatu zituen Udalak, eta astelehenean, martxoaren 23an, Aloñako igoera, etxeko lasterketarako beste bi zozkatuko ditu. Bi kasuetan, Udalaren laguntza eskertuz proben antolakuntzek eskuratu dizkioten dortsalak dira.
Aloñako igoerako antolakuntzak izena eman zuten oñatiarren artean lehen zozketa bat egin zuen eta 80 dortsal esleitu zituen. Halakorik lortu ez zuten herritarrak zozketa orokorrera pasatu ziren baina bigarren horretan ez zen oñatiarren zenbakirik atera, ondorioz, 31 herritar dortsalik gabe geratu ziren. Horiek hirugarren aukera bat izango dute astelehenean, Udalak, bi dortsal zozkatuko dituelako. Zozketa udaletxeko areto nagusian egingo da, astelehenean, 18:00etan. Zozketa irekia izango da eta interesa duen edonork bertaratu ahal izango du.
XXI. Aloñako igoera apirilaren 26an jokatuko da eta, gauzak ondo bidean, 82 oñatiarrek, gutxienez, parte hartuko dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!