Aloña inguruan ia 3.000 abelburu larreratzeko baimena eman da aurten
Ganadua Aloña aldera eramateko eskaera onartu zaien jabeei kobratu ohi zaie larreratze tasa. Horretarako, zenbat behor, behi, ahuntz eta ardi eraman behar dituzten zehazten dute udazkenean, hurrengo urterako larreratze baimena eskatzen dutenean. Txabolarik erabiliko duten ere jakinarazi behar da. Urtetik urtera gora behera txiki batzuk izaten dira larreratze baimena eskatzen dutenen kopuruan; aurten, 173 behi, 2.275 ardi, 42 ahuntz eta 459 behor larreratzea baimendu da. Ardien kopurua gutxitzen ari da, gainontzeko ganaduarena, berriz, gehituz doa urtetik urtera. Erabiliko diren txabolak bere horretan mantentzen dira, 11. Guzti horrek 9.939 euroko sarrera ekarriko dio Udalari, larre aprobetxamenduagatiko tasa kontzeptuan, iaz baino 1.320 euro gehiago.
Gaur ireki da tasa ordaintzeko borondatezko epea eta kargua bihar egingo dela adierazi dute udal arduradunek. Ordainketa helbideratuta dute abeltzain guztiek, baimena eskatzerakoan kontuaren zenbakia ematen baitute. Kargua baimendutako guztiei egingo zaie. Baina ordainketa batzuk itzuli egiten dira, tarteka. Kasu horretan, udal bulegoetatik pasata ordaindu beharko du ganadu jabeak. Ekainaren 10ean amaituko da larreratze tasen borondatezko ordainketa epea.
Maiatzeko lehen egun hauetan hasten dira ganadua mendi larreetara eramaten. Azken egun hauetan giro bustia eta freskoa dugu baina batzuk hasi dira azienda goiko larreetara eramaten. Artaldeen eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu behar da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu behar da larreratu aurretik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!