Aldakiñoko bidexka argiztatu egingo da

2017/05/22
Card image cap
Hainbat herritarren eskariari jarraituz 2014an hasi ziren egokitze lanak osatuko dira

  2014ko udazkenean egin ziren San Martin eta Olakua auzoak elkar lotzen dituen Aldakiñoko zuhaiztiko bidexka egokitzeko lanak. Zuhaiztian ibiltzen zirenek erabiltzen zituzten bideetako bat lehenetsi zen porlanezko senda bihurtuz. Irisgarritasun arauak aplikatu ziren edonork erabili zezan. Gainera, ibilbide osoan egurrezko hesia jarri zen helduleku gisa. Bide batez, bidexka bakarra lehenetsiz arbol artean bide berriak zabaltzea saihestu nahi izan zen. Egaralurrek orain ia hiru urte egin zituen lanak aprobetxatuz, argiteria pasatzeko hodiak ere sartu ziren, etorkizunera begira. Etorkizun hori iritsi da eta hainbat herritarren eskariari jarraituz, eta erabilera geroz eta handiagoa duen bidexkaren segurtasuna bermatze aldera, Aldakiñoko bidexka argiztatzea erabaki berri du udal gobernu taldeak.

  Argiteria jartzeko proposamenak eskatu zitzaion Inergetika enpresari. 3 metroko 16 postetan beste horrenbeste luminaria jarriko dira. Lekuaren ezaugarriak eta beharrak ikusita, 27 Wko LED luminariak jarriko dira. Horrekin gutxieneko argiztatze maila lortzen dela adierazi dute adituek.

  San Martin eta Olakua auzoak elkar lotzen dituen Aldakiñoko bidexka argiztatzea erabakita, obra zibila eta argiteria pasatzeko lan osagarriak esleitu beharko dira orain. Lanak, udazken-negura begira egitea espero da. Orain eguna luzea da eta argi beharra txikiagoa. Horregatik hornidura eta lan osagarrien kontratuak lotuko dira eta lanak, iraila-urrian egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!