Aldakiño-Olapotoko hiri-basoa berreskuratzeari buruzko ingurumen inpaktu azterketa egingo da
Aldakiño-Olapotoko eremuan hiri-basoa berreskuratzeko aukera mahai gainean du Udalak. Ingurua berreskuratzeko aurreproiektua eskatu zitzaion LUR paisajistak enpresari iazko martxoan. Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: batetik, bioaniztasuna areagotu, indartu eta babestea eta, bestetik, herritarren erabilera erosoa sustatzea, hau da, basoaren balio naturalak murriztu gabe herritarrei baso erabilera zabaltzea.
Iazko udaberrian osatu zen aurreproiektuak hainbat ekintza aurreikusten ditu: bide sarea egokitu, bide sare nagusia eta bidezidorren sarea antolatuz; zonalde berriak egokitu, tartean, natur eskola ingurua edo errekarako irisgarritasuna; baso egituraren proposamena eta baso parkerako mantenu proposamena.
Udalaren eskariz LUR paisajistak enpresak osatutako aurreproiektuaz gain, zenbait herritarrek egin dituzte Aldakiño-Olapoto ingururako proposamenak ere. Proiektuak izan dezaken ingurumenaren gaineko inpaktua aztertzea erabaki da, maila ezberdinetan egin diren, eta etorkizunean egin daitezken, ekarpenak ikuspegi ekologiko batetik baloratu ahal izateko. Eta horretarako EHUko bi ikerlarirengana jo da, Joserra Diez eta Arturo Elosegirengana. Eurek osatuko dute Aldakiño-Olapotoko hiri-basoa berreskuratzeko proiektuaren ingurumen inpaktu azterketa. Lanak 3.000 euroko aurrekontua du.
Aldakiño-Olapotoko hiri-basoa berreskuratzeko egitasmoa gauzatzeko Foru Aldundiaren dirulaguntzetara jo asmo da. Gipuzkoako eremu degradatuak berreskuratu eta lehengoratzeko proiektuak eta jarduketak egiteko deialdia kaleratu ohi du Diputazioak urtero.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!