Oñatiko udala

Aktak euskaraz bidaltzeagatik jaso duen helegitean bertaratzea eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

2015/03/17
Card image cap
Gobernu ordezkaritzaren helegitea jaso duten UEMAko beste udalek ere, eskaera berbera bideratu dute

  UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hala aholkatuta eta alkate dekretu bidez erabaki du Udalak euskarazko akten auzian Jaurlaritzari bertaratzea eskatzea. Oraindik, ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak zein erabaki hartuko duen, udaletxean ez da erantzunik jaso.

  Oñati ez da udal aktak euskara hutsez bidaltzeagatik gobernu ordezkaritzaren errekerimendua edo helegitea jaso duen bakarra. UEMAko kide diren 13 udalek halako helegiteak jaso zituztela salatu zen urtarrilean, Mankomunitatearen azken batzar nagusian. Orduan jada, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak babesa eta aholkularitza juridikoa eskaini zien udalei. Gerora, UEMAko ordezkariek Hizkuntza Politikarako Sailburuordearekin bilera egin zuten eta Jaurlaritza auzian bertaratzea eskatu zioten. Aurrez, Patxi Baztarrikak iragarria zuen Beizamako Udalaren kasuan bertaratuko zela.

  Oñatitik, eta alkate dekretuz, auzian pertsonatzea eskatu zaio Jaurlaritzari, interes orokorreko kausa dela ulertzen baitu Udalak.  Era berean, UEMAri baimena ematen zaio auziari dagokion espedientea Jaurlaritzara bidali dezan.
Baina Eusko Jaurlaritza auzian bertaratzeak ez du esanahi Udala prozesutik erretiratuko denik. Udalak dagoeneko izendatu du bere ordezkaritza juridikoa, prokuradore eta abokatua izendatuta ditu. Beraz, Jaurlaritza auzian pertsonatuko balitz, bi erakundeak lirateke epailearen aurrean euskaraz soilik idatzitako udal akten legezko balioa defendatuko luketenak.

  Eusko Jaurlaritzak auzian bertaratzea erabakiko balu Udalak gaiari dagokion espedientearen kopia bidaliko lioke. Izan ere, auzi honetan gobernu ordezkaritzaren salaketa jaso duten udal guztiek ez dute bide berbera eraman. Oñatiko Udalak aktak gazteleraz bidaltzeko egin zitzaion errekerimenduari erantzun  zion eta gerora iritsi zen helegitea. Zenbait udalek errekerimenduari kasurik egin ez eta helegitea jaso zuten ondoren,  eta beste batzuk berriz, helegitea zuzenean jaso zuten.

  Eusko Legebiltzarrak bestalde, euskarazko akten legezko balioa berretsi zuen orain egun batzuk dela.

 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!