Aholkularitza psikologiko zerbitzua eskainiko die udalak, 16 eta 30 urte arteko gazteei
Herritarren ongizatea lehentasuna da udalarentzat eta, jakina da, ongizatearen oinarrizko zutabeetako bat osasuna dela. Herriko gazteen osasun mental eta emozionalaren inguruko kezka du udalak. Pandemiak eta egungo bizimodu azkarraren ondorioak pairatzen dituzte gure gazteek: ziurgabetasuna, gehiegizko albiste negatiboak, urruntze soziala eta familiarra, pantailak gehiegi erabiltzea edota krisi ekonomikoa, guzti horrek eragin zuzena du gazteen osasun mentalean zein emozionalean. Egoerari buelta ematen laguntzeko asmoz, aholkularitza psikologiko zerbitzua jarriko da urtarrilean, 16 eta 30 urteko gazteei zuzenduta.
Gazteentzat berariaz diseinatutako zerbitzua izango da, orientazio zerbitzua, ez terapia, eta erabiltzaile bakoitzak gehienez bost saio jasotzeko aukera izango du, beti ere, hitzordua aurrez eskatuta. Aholkularitza psikologiko zerbitzuan hainbat gai landu ahal izango dira: osasun mentala eta emozionala, autozainketa, elikadura-portaera nahasmenduak, menpekotasun egoerak, familia harremanak eta harreman sozialak. Normalean bakarkako saioak izango dira, nahiz eta taldekako saioak antolatzea ere posible izango den, beti ere psikologo batek bideratuta. Zerbitzua doan izango da, 16 eta 30 urte arteko gazteentzat, esan bezala, eta soilik beharrezkoa balitz gaztearen orientazioan laguntzeko, gazteen guraso eta tutoreei ere eskaini ahalko zaie aholkularitza.
Aurrez aurreko saioak lehenetsiko dira baina presentzialtasuna ezinezkoa den kasuetarako saioak online formatuan egiteko aukera egongo da. Saioak gertutasunetik eta zintzotasunetik egitea da zerbitzuaren helburua, eta konfidentzialtasuna bermatuko da uneoro. Zerbitzua urtarrilean jarriko da martxan, proba pilotu moduan, uztailera arte. Orduan balorazioa egingo da. Hala ere, epe luzeko apostua izan nahi duela adierazi dute udal arduradunek.
Aholkularitza psikologiko zerbitzu hau ostegun arratsaldetan emango da, 16:00etatik 18:00etara udalak San Juan kaleko 5ean duen lokalean. Hitzordua aldez aurretik hartu beharko da: gazteaholkularitza@onati.eus-era idatzita edo 688 815 351 telefonora deituta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!