Oñatiko udala

Aitzol Guridik, Pablo Arejolaleibak eta Unax Arregik eskuratu dituzte Zegama-Aizkorri mendi maratoirako udalaren dortsalak

2026/03/12
Card image cap
41 herritarren artean egin zen zozketa atzo arratsaldean

  Aurre-inskripzioa bete baina antolakuntzak egindako zozketa orokorrean dortsala lortu ez zuten 41 herritarren artean egin zuten udal arduradunek oñatiarren arteko zozketa udaletxeko areto nagusian. 10 izen atera ziren, lehen hirurek dortsalari uko eginez gero, ordezko korrikalarien zerrenda zehaztuta izateko. Aitzol Guridi Zubia, Pablo Arejolaleiba eta Unax Arregi Ballesteroren zenbakiak izan ziren zozketan ateratzen lehenak eta ondorioz, Zegama-Aizkorri egiteko dortsala bana jasoko dute. Orain bi hilabete pasatxo izango dituzte mendi maratoi sonatua prestatzeko, maiatzaren 17an izango baita.

  Oñatiko Udalak Arantzazurako autobusak gehituz egiten duen logistika ahalegina eskertzen du antolakuntzak herriari hainbat dortsal oparituz. Hasieran bat izan zen, iaz bi eta aurten hiru. Azken orduko sorpresarik izan ezean, bost oñatiar izango dira Zegamako irteera puntuan, maiatzaren 17an: Guridi, Arejolaleiba eta Arregi, batetik, eta Malen Osa eta Xabi Lete, bestetik, hauek iazko lasterketan lortutako denborari esker antolakuntzak gordetako dortsalak baitituzte. Bi egun lehenago, maiatzaren 15ean jokatuko den kilometro bertikalean ere izango dugu ordezkaritzarik, Aitor Anton eta Oxel Blazquez oñatiarrek bertan parte hartzeko dortsala eskuratu zutelako antolakuntzaren zozketan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!