Oñatiko udala

Aita Mortara eta inguruko bizilagunei Bertakoentzako-txartelak itzultzeko aukera eman die Udalak

2026/02/05
Card image cap
Egoiliarrentzat 15 plaza gutxiago daude, unibertsitateko lanak direla eta

  Gutun bidez jakinarazi zaie TAOko 5. gunean aparkatzeko Bertakoentzako txartela dutenei, honi uko egiteko aukera. Izan ere, Sancti Spiritus unibertsitateko obren ondorioz Bertakoentzako aparkaleku-kopurua nabarmen gutxitu baita Aita Mortara kalean; behin-behinean 15 plaza kendu dira, obretarako materiala gorde, hondakinen kudeaketa bermatu, langileen guneak egokitu eta ibilgailuen sartu-irteerak antolatzeko. Aita Mortara kalearen barrenean, erreka aldera geratzen den gunea itxi da. Ondorioz, Kale Zaharrean eta inguruetan bizi eta Bertakoak gunean aparkatzeko txartela dutenentzat 20ren bat leku bakarrik geratu dira eta zailagoa da lekua topatzea. Horregatik, txartela itzuli eta dirua bueltan jasotzeko aukera eskaini die Udalak, esan bezala. Horretarako udaletxeko HAZ bulegora joan eta posta bidez jaso zuten 2026ko txartela utzi behar dute. Gaur bertan egin da egoiliarren aparkatze txartelen urteko kuotaren kargua banketxe eta aurrezki kutxetan, ondorioz, txartela itzultzen duten horiei bide beretik bueltatuko zaie dirua, datozen egunetan.

  Bertakoentzako txartelen harira, esan, bestalde, txartelok akatsa izan dutela aurten; apurtu egiten dira paperatik banatzerakoan. Askok, ondorioz, kotxeen aurrealdean baina kristalean itsatsi gabe darabilte. Akatsa zuzentze aldera txartel-pegatina berriak eskatu ditu Udalak eta horiek HAZ bulegoan eskatu daitezke. Nahi duenak txartel berria eskuratu dezake udaletxetik, HAZ bulegotik pasata.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!