Aisialdi begirale ikastaroa antolatu du udalak berriro

2018/09/05
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa Oñatin eta euskaraz emango da

  Halako bi ikastaro egin dira aurretik gurean, 2014an eta 2015ean. Hurrengo urtean berriro antolatzen saiatu ziren baina nahikoa partaide bildu ez zirenez asmoa bertan behera utzi zen. Orain, bi urte beranduago, berriro eskaintzea erabaki da.

  Urtxintxa aisialdi eskolako teknikariek emango dute ikastaroa. Larunbatetan izango da, urriaren 27an hasi eta maiatzaren 18ra arte 25 zapatutan emango da, 9:00etatik 15:00etara. Horri, asteburu edo Gabonetako oporretan egingo diren bi eguneko hiru jardun batu behar zaizkio. Guztira, 150 ordu teoriko beteko dira  eta titulua eskuratzeko beste 160 ordu praktiko bete beharko dira. Horiek, norberak topatu beharko ditu eta beranduenera, atal teorikoa bukatu ondorengo lau hilabetetan egin beharko dira, kontuan hartzeko. Eusko Jaurlaritzak emandako titulu homologatua eskuratzeko, ikastaro teorikoa, praktikak eta lanaren laburpen txostena osatu beharko dute ikasleek.

  Udalak antolatutako aurreko bi formazio ikastaroetan 25en bat gazte oñatiarrek parte hartu zuten. Horiei bezala, hirugarren ikastaro honetan parte hartzen dutenei ere, udalaren diru laguntza eskuratzeko aukera emango zaie. Ikastaroaren prezioa 500 € da. Baina erdia edo hiru laurdenak berreskuratu ahal izango dituzte oinarrizko hiru baldintzok betetzen dituztenak: Oñatin erroldatuta egon, eskolen aprobetxamendu ona erakutsi eta justifikatutako 24 ordu baino gehiago ez galtzea. Langabetu edo ikasleei matrikularen % 75a itzuliko zaie eta gainontzekoei matrikularen erdia, beti ere, aipatu aprobetxamendua egiaztatzen badute.

  Aisialdi begirale ikastaro honetan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago hilaren 28ra arte. Izena, www.oñati.eus udal web atarian sartuta eman behar da. Baina ikastaroari buruzko informazioa eman eta balizko partaideen zalantzak argitzeko informazio bilera irekia egingo da datorren asteazkenean, hilaren 12an, Euskaldun berria aretoan, 18:30tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!