Ahoz aho jaialdiarekin bat egin du Udal liburutegiak, aurten ere
Ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak 19.aldia beteko du aurten eta Oñatira iritsiko da, azken urteetan bezala. Jaialdia atzo hasi zen eta martxoaren 31ra arte luzatuko da, eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte 17 herritan, tartean Oñatin. Helduentzako eta haurrentzako ipuin kontaketa bana antolatu dira liburutegian martxorako.
Ahoz aho jaialdia Tolosan eta Ordizian hasi bazen ere, handitzen eta zabaltzen joan da urtez urte, eta herri gehiago gehitu dira hitzaren festara. Erreferentziazko kontalaritza-jaialdi bihurtu da Euskal Herrian, eta bertako nahiz nazioarteko kontalariek bat egiten dute egitarauan. Aurten, Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba edota Perutik etorritako kontalarien jarduna entzun ahal izango da. Oñatin, martxoaren 11n, André Roldán kolonbiarraren saioa izango da, helduei zuzenduta, eta martxoaren 26an, berriz, Aldo Mendez kubatarraren saioa, 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta. Hileroko Ostegun kontalariak egitasmoaren baitan antolatu da haurren ipuin kontaketa saioa eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Oñatin programatu diren bi saioak gazteleraz izango dira.
Oñatin bezala, eskualdeko beste herri batzuetara iritsiko da Ahoz aho jaialdia aurten; bihar Arrasaten izango da eta domekan, Eskoriatzan. Aramaiok ere bat egin du ekimenarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!