Afari tertulia, antzerki emanaldiak eta euskal ginkana antolatu dira Euskararen egunaren harira
Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean ari dira egitaraua prestatzen. Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina ekintzak bi egun lehenago, abenduaren 1ean hasiko dira afari tertuliarekin. Fermin Etxegoien gonbidatu da. Totelak liburua argitaratu berri du baina aurrez beste hainbat saiakera eta eleberri kaleratu izan ditu. Hedabide ezberdinetan ari den kazetaria ere bada eta bere sortzaile lanaz, lanbideaz, euskararekiko duen kezkaz berba egingo du Makalena elkartean izango den afari tertulian. Txartelak bihar-etzi jarriko dira salgai ohiko lekuetan eta betiko preziotan, 12 eurotan eta ikasle eta langabetuentzat, 8 eurotan.
Baina Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizun nagusiak ostiralean, abenduaren 3an bilduko dira. Eguerdian, eta batxilergoko ikasleei zuzenduta, antzerki-solasaldia egingo da. Santa Ana aretoan Album antzezlana eskainiko da eta ondoren, Formol taldeko aktoreekin solasaldi irekia izango da. Arratsaldean berriz, 19:00tan, herritar guztioi zuzenduta Album antzezlanaren emanaldi berria izango da.
Arratsaldean, urteetan, familiei zuzenduta euskal kantu saioa eta txokolate jana izan da Euskararen egunean baina aurten ez egitea erabaki da, egungo osasun egoerak hala eraginda. Horren ordez, Gaztelekuak, Txipistin zerbitzuak eta Txaloka ludotekak elkarlanean euskal ginkana eta jolasak antolatuko dituzte haur eta lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta.
Herriko hiru ikastetxeetako ikaslez osatutako Komunikazio talde bat ere arituko da lanean, Euskararen eguneko ospakizunen berri Oñati Irratian ematen. Abenduaren 3an irratsaio berezia egingo dugu kazetari gazteok lagunduta, ohikoa dugunez. Bihar zortzi, datorren ostiralean izango da, esan bezala, 10:30tatik 12:00tara.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!