Adostasuna lortu dute Garayn eta lanuzteak bertan behera utzi dituzte

Hijos de Juan de Garay enpresako langileak txanda bakoitzean bi orduko lan uzteak egiten hasi ziren astelehenean, lan osasunaren arloan antzeman zituzten hainbat hutsegite konpondu zitezela eskatzeko. Lan Arriskuen Prebentziorako bilera egin da, enpresa eta langileen batzordea akordio batera iritsi dira eta lan uzteak bertan behera geratu dira.
Aurreko egun hauetan izan dugun beroaren inguruan hainbat eskaera bideratu ziren, hondatutako iturriak konpondu eta berriak instalatzeko, termohigrometroak instalatzeko eta hilabete beroetan AEMETek adierazitako taulak aplikatu eta erregistroekin taula horren behin betiko definizioa zehazteko eta osasuna bermatzeko neurriak hartu daitezen. Aireztapen sistemak eta isolamendu termikoak hobetzeko edota oztopo fisikoak kentzeko azterketak egitea ere adostu da, besteak beste. Neurri bakoitza gauzatzeko datak finkatu dira, sindikatuek jakinarazi dutenez. Ondorioz, esan bezala, Garayn egiten hasi ziren lanuzteak bertan behera geratu dira.
Baina astelehenean eta asteartean egin ziren lanuzteen harira salaketa bat jarri du LAB sindikatuak lan ikuskaritzan. Izan ere, baskulako operario lanpostuan gutixeneko zerbitzuak agindu baitzituen enpresak, alde bakarrez. Gertaera horrek greba eskubidea urratzen duela salatu du LAB sindikatuak.
LABek eta ELAk osatzen dute Hijos de Juan de Garay enpresako langileen batzordea. Biek eraman zituzten lan osasuna bermatzeko eskaerak Lan Arriskuen Prebentziorako bilerara eta bere osotasunean bete direla ikusita, bertan lan jarduna normaltasunera itzuli da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!