Administrari laguntzailea aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du Udalak Lanbideren bitartez
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2025eko dirulaguntza atalean aldi baterako lau kontratazio egitea onartu zion Lanbidek Oñatiko Udalari eta horietan azkena da orain iragarri den administrari laguntzailearena. Udaleko hainbat sailetan arituko da kontratatu nahi den administrari laguntzailea. Sei hilabeterako eta %60ko lan jardun partzialaz kontratatuko du udalak eta abenduan bertan lanean hastea aurreikusten da. Hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko langabezian egon behar da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo baliokide den titulazioa izatea eta euskarari dagokionean, B2 mailaren pareko ezagutza izatea eskatzen da. Horrezaz gain, Oñatin erroldatuta egotea, Word eta Excel edo horien baliokideak diren programen erabileraren ezagutza IT txartelen bidez egiaztatzea eta administrari lanetan esperientzia izatea baloratuko dira. Baita ere, eskatutako ikasketa maila baino goragoko prestakuntza akademikokoari dagokion titulua izatea, betiere lanpostuarekin lotutakoa bada. Deialdiaren iragarkia Lanbideren web atarian argitaratu da, esan bezala, eta izena ere atari horretatik eman behar da, azaroaren 26ra bitartean. Administrari laguntzailea abenduan bertan lanean hastea nahi da.
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2025eko deialdi honen baitan kale garbiketako bi pioi kontratatuko ditu Udalak; bi lanpostu hauetarako izena eman eta hautaketa prozesura aurkeztu zirenen behin behineko emaitzak argitaratu berri dira udaleko web atarian. 19 lagunek eman zuten izena baina 12 bakarrik aurkeztu dira eta duten lan esperientzia, langabezian daramaten denbora, Oñatiko ezagutza eta euskara maila baloratu zaie. Behin behineko puntuazioarekiko erreklamazioak aurkezteko epea gaur hasi eta azaroaren 24an amaituko da. Lanean, berriz, abenduaren 1ean hasiko dira, Lanbiderekin elkarlanean betetzen den programa honen baitan aurretik hautatu zen administrariaren antzera.
Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira Enplegua sustatzeko toki-ekintzaterako dirulaguntzen bidez egiten diren kontratazio hauetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!