Adimen emozionalari buruzko bi tailer egingo dira.

2012/11/07
47 gurasok eman du izena eta bi taldetan banatzea erabaki da. Lehen tailerra bihar hasiko da.

  Tailer bakoitzak 6 saio izango ditu, jarraieko sei ostegunetan osatuko da.

  Lehena, bihar bertan hasiko da eta abenduaren 20ra arte luzatuko da. Bigarrena berriz, Gabonen ondoren, urtarrilaren 15ean hasiko da. Tailerrak, kultur etxean izango dira, ostegun arratsaldez esan bezala, 6.15tatik 8.15tara.

  Adimen emozionalari buruzko tailer honen jatorria, udalak antolatu zuen hitzaldi batean dago. Hitzaldi horretan, adimen emozionala zer den eta nola garatu daitekeen aurreratu zuen Virginia Espin Euskal Herriko unibertsitateko psikologoak. Hitzaldian agertutakoak zabaltzeko aukera ere eman zitzaien gurasoei eta hartarako interesa agertu duten 47 aita eta amek orain gaia, 6 saioko tailer hauetan lantzeko bidea izango dute.

  Hitzaldia eta baita tailerrak ere Haur eta Lehen Hezkuntzako haurren gurasoei zuzendu zituen Guraso Eskolak.

  Datozen hilabeteetan, beste adin tarte bateko seme alabak dituzten gurasoei formazio eskaintza berria egingo die.

  Izan ere, udala eta herriko ikastetxeetako ordezkariak biltzen dituen Hezkuntza Mahaiak, Oñatiko guraso eskola bateratuaren aldeko apustua egin baitu. Era honetako hitzaldi eta formazio tailerrak modu bateratuan eta herriko guraso guztiei zuzenduta antolatuko dira. Eta ez orain arte bezala, ikastetxe bakoitzak bereak. Horrela, sarritan, hitzaldi berbera edo antzerakoa errepikatu egiten baitzen. Lan sistema berriarearen helburua, baliabideak optimizatzea da.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!