Abstentzioak nabarmen behera eginda, EH Bildu eta EAJ bozkatuenak izan ziren atzo Oñatin

2019/04/29
Card image cap
Elkarrekin Podemosek ia 600 botu galdu zituen eta PSE-EEk berriz, 200 irabazi zituen

  Abstentzioaren jaitsiera izan da orain hiru urteko Hauteskunde Orokorrekiko diferentzia esanguratsuena, ia 10 puntu murriztu baita, % 33,82tik % 23,4ra jaitsita. Ultraeskuinaren arriskuaren kontra eta eskubideak ukatzeko arriskuaren kontra herritarrak aktibatu eta mobilizatu direla azpimarratu dute udalbatza osatzen duten bi taldeetako bozeramaleek gurean.

  Atzoko hauteskundeetan parte hartu zuten herritarren gehiengoak EH Bilduren aldeko bozka eman zuen, koalizioak 2016an baino ia 800 boto gehiago jaso zituen. EAJk ere ia 600 boto gehiago jaso zituen atzo eta bigarren alderdia izaten jarraitzen du Oñatin. Baina aipagarria da bien arteko aldea handitu egin dela orain hiru urteko datuekin alderatuta, orduan, 72 botoen aldea besterik ez zegoen batetik bestera, atzoko emaitzak eskutan, 259 botoko aldea egon zen. 15 hauteskunde mahai ireki ziren atzo Oñatin eta horietako 9tan EH Bildu izan zen bozkatuena, beste 6tan, EAJk lortu zuen boto gehien.

  Orain hiru urte izan zituen emaitzekiko Oñatin botoak irabazi dituen beste alderdia PSE-EE da, 576  lortu zituen, 207 gehiago. Txanponaren bestaldean, Elkarrekin Podemos koalizioa dago, Oñatin, hirugarren talde bozkatuena izaten jarraitzen du baina aurreko Hauteskunde Orokorrekiko, ia 600 boto galduta. Partido Popularrak eta Ciudadanos-ek ere 2016an baino bozka gutxiago izan zituzten atzo gurean. VOXek berriz, 18 boto batu zituen Oñatin.

  Gipuzkoa mailan EAJ izan da bozkatuena, Bizkaian eta Araban bezala. Baina Madrilgo kongresuan, EAJk eta EH Bilduk bina diputatu eta PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bana izango dute Gipuzkoa ordezkatuz. Senaturako hautagaiei erreparatuta bestalde, gogoratu, hautagaitza irekiak zirela eta edozein zerrendetako hiru izen aukeratu zitezkeela. Gipuzkoak EAJko hiru senatari eta EH Bilduko bat izango du legealdi honetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!