Oñatiko udala

92.305 euro banatuko dira herriko taldeen urteko kultur programa eta sorkuntza lanak gauzatzeko

2026/06/18
Card image cap
Felipe Uriartek Udalaren dirulaguntza jasoko du
30 eskaeretatik 27 onartu dira jada, bi ebazpen txandatan

   Bi laguntza lerro ditu Udaleko Kultura departamentuak, urteko programazioa aurrera eramateko, batetik, eta sormen lanerako dirulaguntzak, bestetik. Lehen laguntza lerroa da diruz handiena eta 15 talde edo elkarteren urteko programak babestuko dira, hasiera batean. Sorkuntza lanen atalean berriz, 12 proiektu onartu dira, oraingoz. Izan ere, Udalaren dirulaguntza jasotzeko oinarrietan ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu behar izan dute eskatzaileek aurten, eta hiruk ez dute egin, oraindik. Zerga betebeharrak egunean dituztela egiaztatzea eskatu zaie eta horren araberako ebazpenak bi txandatan bideratu ditu Kultura batzordeak.

  Urteko programazioa aurrera eramateko laguntza handienak Oñatz dantza taldeak, Ganbara abesbatzak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jasoko dituzte. Txinparta bertso eskolak, Oñatiko margo taldeak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Zizelkatzaileak elkarteak, Debagoieneko Antzerki Plataformak, Oñati abesbatzak, Aequus Ensemblek, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak, Artixak eta Arantzazuko Adiskideak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute. Onartu diren 15 egitasmoetara 76.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak. Orain onartutako dirulaguntzaren % 60a ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 28a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Atal honetara 14 egitasmo aurkeztu dira eta oraingoz 12 onartu dira, 16.000 banatuz. Potx eta Lotx, Hiru handiak, Ospel, Mila Modu eta Txuletons taldeek diskoak grabatzeko Udalaren dirulaguntza jasoko dute, baita Hots abesbatzak, Ganbara abesbatzak eta Ganbara Kantu Eskolak ere, musika propio sortu edo musikarekin zerikusia duten proiektuak gauzatzeko. Santi Mendiolak, Felipe Uriartek eta Lukene Igartuak hainbat liburu eta argitalpen egiteko udalaren diru babesa izango dute.

  Guztira 92.305 euro dirulaguntzetan banatzea erabaki du Udalak, Kultura departamentuaren proposamena onartuta. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!