88 lagun kontratatuko ditu Udalak udako aisialdi eskaintzari erantzuteko
Bost aste eta erdi falta dira Uda kanpaina, Arte udalekuak eta Udaleku irekiak martxan jarri daitezen eta azken prestaketetan murgildu dira jada bateko zein besteko arduradunak. Udako aisialdi eskaintzari aurre egiteko begiraleen aukeraketa prozesuak burutu dira eta horren berri ematen duten oharrak argitaratu dira, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendekin batera. Udaleku irekietarako 70 begirale kontratatuko ditu Udalak, beste 7 Arte udalekuetarako eta 11 kirol kanpainarako, horietako lau kirol eskaintza orokorrean eta espezifikoetan arituko direlarik. Guztira, 88 laguni hilabete inguruko kontratua egingo die Udalak. Kontratatuko diren hautagaiak bereziki azpimarratuta agertzen dira udaleko web atarian argitaratu diren zerrendetan.
Hautatutakoek formazio eta prestaketa saioak bete beharko dituzte datozen asteetan. Hala, udaleku irekietan jardungo dutenek bi saioa izango dituzte, ekainaren 20 eta 27an. Arte udalekuetan eta uda kanpainan arituko diren begiraleek ere ekintzak hasi aurreko astean egingo dituzte prestakuntza saioak.
Bestalde, udalekuetako begirale-gaien kontratazioaren harira aurreko urteetan antzemandako arazo bat bideratu nahi da aurten, plazari uko egiteko epea mugatuz. Izan ere, halakoak jarduera hasi bezperan ere egin dira behin baino gehiagotan, kontratazio batzuk airean utziz. Horregatik, udalekuak hasi aurretiko 15 egunetan uko egiten dioten hautagaiek zigorra jasoko dute hurrengo urteetako puntuazioetan eta 5 puntu galtzeraino irits daitekeelarik. Hala zehaztu da udaleku irekietako zein arte udalekuetako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenden berri ematen duten Alkate Dekretuetan.
Udako aisialdi ekintzak ekainaren 29tik uztailaren 24ra egingo dira. Udaleku irekietan 504 haurrek hartuko dute parte eta Arte udalekuetan beste 52 neska-mutiko ibiliko dira. Kirol kanpainan berriz ez da erabiltzaileen kopurua kontutan hartzen eskatutako ekintza kopurua baizik, erabiltzaile batek bat baino gehiago aukeratu ditzake; aurten 1.300nen bat ekintza edo plaza beteko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!