Oñatiko udala

8 proposamen gauzatuko dira 2026-2027 Partaidetzazko Aurrekontuak egitasmoan

2026/02/17
Card image cap
Arboleda pasealekuan ibilgailuen bidegurutzeetako oinezkoen arrapalak egokitzeko proposamena izan da bozkatuena

  Aukeran zeuden 23 proposamenetatik 8 hautatu dira, 2026an eta 2027an zehar egiteko. Botoen arabera eta 600.000 euroko aurrekontua agortu arte, gauzatuko diren 8 proposamen zerrendatu dira: Otadui zuhaiztian eta ibilgailuen sarbide diren bidegurutzeetako oinezkoen arrapalak egokituko dira; herriko hainbat lekutan zakarrontzi gehiago jarriko dira eta bankuak ere jarri edo egokituko dira; Bidaurretako berdegunea aisialdirako zein atsedenerako gune bihurtuko da eta Bidaurretako zuzengunean aterpea jarriko da; plazako komun publikoak berrituko dira eta plazako adokinak konponduko dira, euri-uren sareteek eragindako koxkak ezabatuz eta herriko iturri historikoak eraberrituko dira. Bozka faserako egin zen mailakatzean, inbertsio txikia eskatzen duten bost proposamen, aurrekontu ertaina duen bat eta handia eskatzen duten bi  gauzatuko dira. Zortzi proposamen hauen aurrekontu metatua, 595.000 euro da. Hemendik aurrera, udaleko zerbitzu teknikoen esku geratuko da gaia, proiektuen garapena eta exekuzio-egutegia zehaztu eta 2026-2027 aldian gauzatzeko.

  1.052 boto jaso dira prozesuaren azken fasean, online nahiz paperan. Botoen % 4 inguru baztertu da, erroldatu gabeek emandakoak, birritan bozkatutakoak, daturik gabeak edota eskatutako 7 aukerak markatu ez direlako. Alde horretatik oso pozik azaldu dira udal ordezkariak, aurreko prozesuan baino %25 boto gehiago jaso direlako. Balorazioa oso positiboa egin da eta Partaidetzazko Aurrekontuak udal kudeaketan eragiteko tresna garrantzitsua dela adierazi dute, urtez urte sendotzen ari den egitasmoa dela, gaineratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!