70 establezimendu pasak eman du jada izena Oñatiko Moneta Sozialaren proiektuan.
“Elkarri lagunduz” egitasmoa oso aurreratuta dago. Helburua, herrian dagoen diru ihesa neutralizatzea da herriko merkataritza, ostalaritza eta gremioetan gastua sustatu eta herriko ekonomia indartuz.
Hala, dagoeneko 70 establezimendu baino gehiagok eman dute izena. Salgai eta produktu aukera zabala eskaintzen duten denda, zerbitzu eta gremioak daude egitasmora atxiki diren establezimenduen zerrendan. Baina parte hartzeko epea bihar amaitzen da eta azken ordutan, asko dira beren atxikimendu hitzarmena udaletxean uzten ari direnak.
Astelehenean jada, egitasmoan parte hartuko duten establezimenduen zerrenda itxiko da eta hauek identifikatzeko txartelak banatzen hasiko dira.
Bitartean gaur bertan Oñatiko ordainketa paperak, Txantxiak inprimatzen hasi dira. 50 xentimo, euro bat, 5, 10 eta 20 euroko baliodun Txantxi billete paperak inprimatuko dira. Gogoratu, Oñatiko txanponak euro baten baliokidetasun edo kanbio balorea izango duela.
Txantxiak lehenbailehen eskuratu asmo dira aurtengo jaixetan udalak banatuko dituen dieta eta sariak Txantxitan eman nahi baititu. Lehen kalkuluen arabera, 23.000 € inguruko balioa izango duten Txantxiak dira jaixak tarteko zirkulazioan jarriko direnak.
Herritar arruntek berriz, urria amaiera, azaro hasieran erosi ahal izango dituzte Txantxiak udaletxean.
Aurretik, informazio kanpaina berezia egingo da. Etxeetara banatuko diren triptikoak osatuko dira eta bizpahiru hitzaldi ireki egingo dira. Egunak eta lekuak oraindik zehazteke daude.
Batxilergoko ikasleei begira ere, ekonomia zirkularrari buruzko hitzaldiak prestatzen ari dira aditu batekin elkarlanean.
Herriko enpresen arduradunekin ere lehen bilera egin da jada, egitasmoa aurkeztu eta parte hartzera gonbidatuz. Proposamenak harrera ona izan du. Langileei, soldataren zati bat Txantxitan ordaintzea da helburua herrian sortzen den aberastasun horren zati bat herrian gastatuko dela ziurtatzeko. Baina herriko enpresetan oñatiarrak ez ezik, kanpotik etorritako langileak ere badaude eta hauen onespena ere beharko da proiektua herriko lantegietara zabaldu ahal izateko. Hori nola egin zehazteko udala eta enpresen artean bilera berriak egingo dira jai-ostean.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!