Oñatiko udala

%7,6 hazi eta 1.239 milioi fakturatu zituen ULMAk iaz

2026/06/15
Card image cap
Baina %13,7 murriztu zituen irabaziak, kostuen eta marjinen gaineko presioak markatutako nazioarteko testuinguru gorabeheratsuan

  ULMA kooperatiba taldeak bere historiako sarrera bolumen handiena lortuz itxi du 2025eko ekitaldia, 1.239 milioi euroko salmenta konpilatuekin, hau da, aurreko urtean baino %7,6 salmenta gehiagorekin, Taldearen Batzar Nagusian azaldu denez. Estatu Batuetako muga zergen politikak eta tentsio geopolitikoek markatutako ekitaldia izan zen iazkoa eta ULMAk hazkunde iraunkorrerako gaitasuna duela berretsi du. Baina kostuen eta marjinen gaineko presioaren ondorioak nozitu ditu eta salmentak haditu dituen arren, irabazi garbia 2024an baino %13,7 gutxiago izan da, ia 95 milioi euro. Horrek barne merkatura begira jarri du ULMA eta Espainiako merkatuan duen jarduera handitu zuen iaz, saldutakoen %31a bihurtuz. Hala ere, taldearen diru sarreren %69 kanpoko merkatuetatik datoz, batez ere Europatik.

  Aipatu datuak eskutan, Ulma proiektuaren indarra azpimarratu zuen Aitor Ayastuy Taldeko zuzendari nagusiak eta, epe luzera bideratuta dagoen eredu kooperatibo sendo batean oinarrituta egonik, testuinguru exijente batean aurrera egiten jarraitzeko gai direla gaineratu zuen.

  ULMAk inbertsio maila esanguratsua mantendu eta posizio finantzario sendoa finkatu du 2025ean. Europako Inbertsio Bankuarekin 45 milioi euroko finantzaketa akordioa sinatu zen. Eragiketa hau 115 milioiko finantzaketa eskuratzeko eragiketa zabalago baten parte da, izan ere, akordioak lortu baitira, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (ICO) edota Finantzen Euskal Institutuarekin (IVF).

  Enplegu egonkor eta kalitatezkoaren aldeko apustuan jarraitu du ULMAk 2025ean eta 336 pertsona berri hasi dira lanean, 6.083 profesionaleko plantilla osatuz. Kooperatiba den aldetik, konpromiso soziala badu eta iaz 1,3 milioi euro bideratu zituen gizarte, kultura, hezkuntza eta komunitate ekimenetara, garapen jasangarriarekin eta ingurunean eragin positiboa izatearekin duen konpromisoa sendotuz. 

  Azkenik, 2026ra begira, bere hazkundea sendotzeko eta errentagarritasuna pixkanaka hobetzeko helburuarekin egin nahi dio aurre etorkizunari ULMAk. Taldearen lehentasun estrategikoak dira erreferentziazko merkatuetan hazkundea bultzatzea, ingurune zorrotz batean marjinak berreskuratzea, inbertsio iraunkorreko politikari eustea eta enplegua sortzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!