Oñatiko udala

7.500 kilo janari eta 1.500 euro batu dira asteburuko elkartasun kanpainan

2025/10/20
Card image cap
Parte hartu duten boluntario, dendari eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Hotz Oñati taldeak

  Zaporeak elkartearen bitartez helaraziko da Greziara, Lesbos uhartera, asteburuan herrian batutako janaria, hasieran iragarri zen bezala. Ostegun, ostiral eta larunbatean bildutako janaria kaxa eta paletetan prestatzen amaituko dute gaur, materiala Martutenera, Zaporeaken biltegira bidaltzeko, bihar. Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratuko da ondoren, janaria Lesbosen duen sukaldera bideratzen. Egunero 2.000 otordu kozinatzen dituzte Lesbosen harrapatuta dauden errefuxiatuentzat. Guztira, 7.500 kilo inguru arroz, pasta, lekale, kontserba eta zerealdun barrita batu dira asteburuan herriko bost janari dendetan. Iaz ia 7.300 jaso zen, beraz, 200en bat kilo gehiago batu da aurten. Horri, 1.500 euro batu behar zaizkio, produktu gehiago erosi edota garraio gastuetarako hainbat herritarrek diruz eman duten laguntza.

  Hotz Oñati taldekoak oso pozik daude boluntario, dendari eta herritarren aldetik jaso duten babesagatik. Laguntza guztia eskertu nahi dute; eskerrak produktuak batzeko lekua eta bitartekoak eskaini dituzten herriko bost dendei: San Migel kooperatibari, Errekaldeko dendari, Errekaldeko eta Arantzazuko Ama kaleko Eroski dendei eta Olakuako BMri. Eskerrak materiala biltzen eta ondoren ordenatu eta prestatzen aritu diren boluntario guztiei eta eskerrak baita ere, produktuak eman dituzten herritar guztiei. Halako talde eta laguntza sendorik gabe Hotz Oñati taldeak aurrera egitea oso zaila izango lukeela azpimarratuz, esker-mezua zabaldu du errefuxiatuen aldeko elkartasun taldeak.

  Hotz Oñatik urteak daramatza era honetako material bilketa kanpainak egiten. Era honetako kanpainek helburu bikoitza dute: errefuxiatuentzat elikagaiak batzea eta errefuxiatuen errealitate gordina oraindik bizirik dagoela gogoraraztea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!