68 gaiko lan zerrenda gertatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako
Udako oporren ondoren udal departamentu eta batzordeen jarduna normaltasunera itzultzen ari da. Horren adierazgarri, gobernu taldearen asteko bilerarako jaso diren gai ugari: 68. Asko, abuztuan zehar pilatu diren lan baimen eskaerak dira: fatxada konpondu, leihoak aldatu, teilatua eraberritu eta antzerako lanetarako baimen eskaerak.
Berdintasuna batzordetik berriz, ikastetxeetan indarkeria matxisten prebentziorako tailerrak egitea eta San Migel eta Errosarixo jaietan sentiberatze kanpaina gauzatzea proposatzen da. Bi ekintza horiek aurrera eraman ahal izateko aurrekontuen berri emango da arratsaldeko bileran. Sozioekonomia arlotik bestalde, Lanbidek enplegua sustatzeko toki ekintzetarako diru laguntzen ebazpenaren haritik, kale garbiketa zerbitzurako 5 pioi kontratatzearen gaia azalduko da. Hirugune Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategia sustatzera bideratutako laguntza programaren aurtengo deialdiaren berri ere emango da. Datozen asteetan martxan jarri asmo den araututako aparkalekuen udal ordenantzarekiko jaso diren helegiteen gaia ere mahai gainera aterako da. Helegiteei zein erantzun eman eztabaidatuko da, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!