Oñatiko udala

64 lagun bildu dira Arantzazun, EHUko Udako Ikastaroan

2025/06/25
Card image cap
“Demokraziaren berrikuntza: Zein izan daiteke gure ekarpena? Nazioarteko begirada eta kontrastea” da ikastaroaren izenburua

  Goizeko 9:30etan ekin zaio ikastaroari, Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatuaren ongi-etorriarekin. Ondoren, Helene Landemorek, Yale unibertsitateko adituak, demokraziaren ereduak berrikusteko oinarriak azaldu ditu eta ondoren, Michael Saward-ek demokraziaren diseinuaren erronkez berba egin du. Atsedenaldi baten ostean, lehen mahai-ingurua hasi da, tokiko erakundeen estrategiak eta esperientziak kultura demokratikoan sakontzen, izenburupean eta segidan, bigarrena egin da: demokraziaren aldaerak, agertokiak eta aukera XXI. mendean gaien inguruan. Udako ikastaro honetan aztertu den guztiaren laburpen edo sintesiaz amaitu da saioa, 14:00etan.

  Arantzazulabek zuzendu duen uda ikastaro honetan, gaur egungo demokraziak dituen erronkei buruzko gogoeta partekatu nahi izan da, nazioarteko eta tokiko adituekin. Izan ere, mundu osoko demokrazia liberalak zalantzan jartzen dituen olatu autoritarioaren goraldia eta balizko demokraziaren krisiaren ideia nagusitzen ari den honetan, demokraziaren kulturan sakondu eta gobernantza bide berriak sustatzeko estrategiak garatzen ari dira han eta hemen. Arantzazulabetik, esaterako, demokraziaren berrikuntzarako eztabaida sustatzen da, Euskal Herriko testuinguru eta tradiziotik abiatuta, erakunde, gizarte eragile eta berrikuntza taldeen arteko elkarlana eta sinergiak bilatzen.

  Gandiaga topagunean egin den ikastaroak hainbat helburu ditu: kultura demokratikoan eta komunitatearen eraikuntzan sakontzeko tokiko erakundeen zein eragileen estrategiak eta egitasmoak ezagutzea; demokraziaren berrikuntzako eztabaida globalei guretik eta Euskal Herriko balio sistematik egin diezaiekegun ekarpenean sakontzea, eta tokiko zein nazioarteko hainbat aditurekin kontrastatzea; demokrazian sakontzeko nazioarteko adituen ekarpenak jasotzea eta kultura demokratikoan sakontzeko beharra euskal gizartean aldarrikatzea, gaia eztabaida publikora eraman eta erakunde sistema elkarrizketa hauetara erakarriz, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!