6.600 kilo elikagai eta higiene produktu batu ditu Hotz Oñatik asteburuko elkartasun kanpainan

2022/10/24
Card image cap
Parte hartu duten dendari, boluntario eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Hotz Oñati taldeak

  Zaporeak eta SOS Refugiados GKEaren bitartez bidaliko dira Greziara, Lesbos uhartera eta Atenasera, Oñatin asteburuan batutako produktuak. Tartean barratxo energetikoen kutxa handi bat ere jaso da eta hori Aita Mari itsasontzira bideratuko dute. Ostiral eta larunbatean bildutako material guztia kaxa eta paletetan egokitu da eta bihar bertan irtengo da, zati bat Martutenera, Zaporeak elkartearen biltegira, eta beste bat Valentziara, handik itsasoratzeko.

  Ekonomia arloan ziurgabetasuna nagusitzen ari den honetan deialdiak zer-nolako erantzuna izango zuen zalantza zen baina kanpaina arrakastatsua izan dela eta Hotz Oñati elkarteko kideak oso pozik daude. Eta oso pozik daude dendari, boluntario eta herritarren aldetik jaso duten babesagatik ere. Alde guztietatik jasotako laguntza eskertu nahi dute; eskerrak produktuak batzeko lekua eta bitartekoak eskaini dituzten herriko bost dendei: San Migel kooperatibari, Errekaldeko dendari, Errekaldeko eta Arantzazuko Ama kaleko Eroskiei eta BM dendari. Eskerrak materiala biltzen eta ondoren ordenatu eta prestatzen aritu diren boluntario guztiei eta eskerrak baita ere, produktuak eman dituzten herritar guztiei. Halako talde eta laguntza sendorik gabe Hotz Oñati taldeak aurrera egitea oso zaila izango lukeela azpimarratuz, esker-mezua zabaldu du errefuxiatuen aldeko elkartasun taldeak.

  Hotz Oñatik urteak daramatza era honetako material bilketa kanpainak egiten, baita talde moduan ofizialki eratu aurretik ere. Era honetako kanpainek helburu bikoitza dute: errefuxiatuentzat elikagaiak batzea eta errefuxiatuen errealitate gordina oraindik bizirik dagoela gogoraraztea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!