Oñatiko udala

40 argazki pasa jaso dira orain arte 2026ko udal egutegia irudikatzeko lehiaketara

2025/10/08
Card image cap
Lanak aurkezteko epea etzi, urriaren 10ean itxiko da

  Oñatiko toponimia da egutegiaren gaia. Argazkian, beraz, izena duen elementuren bat agertu behar da: udalerriko leku, paraje, iturri, erreka, baserri, tontor, baso, soro edo antzeko elementuren bat. Halakoak irudikatzen dituzten 40 argazki pasa jaso dira orain arte udaletxean, baina gehiago jasotzea espero da, lanak aurkezteko epea, etzi, urriaren 10ean itxiko baita. 2026ko udal egutegian, hilabete bakoitzeko orrian irudiak eta toponimoak lotuko dira, hau da, irudian agertzen den leku edo elementu hori bere izenarekin agertuko da. Ondorioz, argazkiak hautatzerakoan irudien kalitate artistikoaz gain beste irizpide batzuk hartuko dira kontutan: toponimoaren berezitasuna, elementuen aniztasuna eta auzoak eta urtaroak irudikatzea.

  Koloretako nahiz zuri-beltzeko argazkiak aurkeztu daitezke lehiaketara, berriak zein zaharrak. Formatu apaisatutako argazki etzanak hobetsiko dira. Irabazleak 300 puntu pulgadako tamainan bidali beharko ditu saritutako irudiak eta argazki zaharren kasuan, paperezko originala aurkeztu ahal izango da. Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake, gehienez. Lanak, posta elektronikoz bidali daitezke euskara@onati.eus helbidera edo udaletxeko HAZ bulegoan utzi daitezke. Argazkiekin batera hainbat datu ematea eskatzen da: izen-deiturak; NANa, telefono zenbakia, argazkian agertzen den toponimoaren izena eta deskribapen laburra. Bide batez, argazkia zein hilabetetan joango litzateken proposatzea ere eskatzen da.

  Epaimahaia udal ordezkari batek eta argazkigintzarekin, arte edo komunikazio arloekin lotura duten pertsonek osatuko dute eta hamabi argazki aukeratuko dira, 2026ko udal egutegia ilustratzeko. Aukeratutako argazki bakoitzaren egileak 80 euroko saria jasoko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!