4.433 garaje eta ibi iraunkorra edo "vado" txapadun 83 lokal daude Oñatin
Datozen egunotan jasoko dute gutuna aipatu tasen ordainketa helbideratu gabe dutenek. Idatzian dagokien tasa jakinaraziko zaie eta ordaintzeko bi hilabeteko epea dutela. Gehienek, hala ere, udal tasa hauen ordainketa helbideratuta, domiziliatuta dute eta kasu honetan, ordainketa gauzatu denaren agiria aurrezki kutxa edo banketxetik jasoko dute. Ordainketa kargua larunbatean, irailaren 12an gauzatuko da, udal arduradunek adierazi digutenez.
Hiru dira bi hilabete hauetan zehar kobratuko diren udal tasak. Kopuruz ugarienak garaje eta hilerri tasak dira. Hauekin batera, zenbait garaje eta lokal sarrera libre gordetzeko emandako IBI iraunkorrari dagozkion tasak daude. Garaje tasa, 4.433 jabek ordaindu beharko dute. Dirutan, Udalak kasik 107.845 euro jasoko ditu tasa honen kobrantzatik. Kopuruz askoz gutxiago izanagatik, proportzioan diru sarrera handiagoa da ibi iraunkorrari dagokion tasa. Udalak, halako 83 ditu erroldatuta eta ibi iraunkorrari dagokion tasa ordainketatik 12.860 euro jasoko ditu. Hilerri tasa erreziboak, berriz, 1.374 dira. Kasu honetan, tasa txikiagoa da, merkeagoa, eta 7.822 euroko diru sarrera ekarriko dio Udalari. Guztira, abian jarri berri den hiru tasa hauen kobrantzatik, udalak, 128.528 euro jasoko ditu, iaz baino 4.345 euro gehiago.
Garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 10era arte luzatuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!