37. master ikastaroa hasi da Lege Soziologia Institutuan
Euskal Herria eta beste 11 herrialdetatik etorritako 17 ikaslek ekin diote Lege Soziologia Institutuko 37. Master ikastaroari gaur goizean. EHUk duen master zaharrena da Oñatikoa. Eta unibertsitate publikoko errektore Joxerramon Bengoetxeak eman dio hasiera, inaugurazio ekitaldian berba eginez, eta masterreko lehen kurtsoa gidatuz. Izan ere, EHUko errektore izan aurretik Joserramon Bengoetxeak lotura estua zuen Oñatiko Lege Soziologia Institutuarekin eta bertan eskaintzen den masterrarekin. Institutuko zuzendari zientifikoa izan zen, master ikastaroaren zuzendari, urte askoan, eta egungo zuzendari zientifikoaren eta masterreko zuzendariaren irakasle ere izan zen. Ohikoa da gainera, masterreko lehen kurtsoa berak ematea eta hala egiten dihardu une honetan; Kultura juridikoak: ikuspegi konparatua ikastaroa emango du gaur hasi eta ostiralera arte. EHUko errektorearekin batera Izaro Elorza alkateak, Justiziako sailburuorde Alfonso Gomezek eta zuzendari Txema Bastosek eta Insitututuko zuzendari zientifiko Camilo Umañak parte hartu dute ikasturte hasierako ekitaldian.
17 ikaslek ekin diote Lege Soziologia Institutuko 37. masterrari. Ikasturte osorako matrikulatu dira eta ikastaro solteetan parte hartuko duten beste hainbat batuko zaizkie, datorren udaberrira bitartean, ikastaroa, 2027ko martxoaren 31n amaituko baita. Horiei kurtso ezberdinak ematera etorriko diren jatorri anitzeko irakasleak batu behar zaizkie. Hala, Mexiko, Peru, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Suedia, Txekiar Errepublika, Aljeria, Txile, Kolonbia, Brasil, Bahrain, Finlandia, Uruguai, Norvegia eta Kanadatik etorritako pertsonak izango dira, baita Katalunia, Nafarroa eta Bizkaiko kideak ere. Gehienentzat Euskal Herriarekin lehen harremana da Oñatiko egonaldia eta hauei euskal kultura hurbildu, herriko ohiturak ezagutarazi eta bertakoen adiskide bihurtzeko aukera emate aldera aktibatu da Friendship programa berriro. Programa irekia da, sinplea eta aparteko konpromisorik eskatzen ez duena: kafe bat, mendi ibilaldi bat, herriko jai batera lagundu edota hizkuntzak praktikatu nahi dituen orok du Friendship programan parte hartzeko aukera, elkar ezagutzeko helburua soilik bilatzen du. Interesa duenak Lege Soziologia Institutuko Susana Arreserekin jarri behar du harremenata mezu elektrokinkoa bidaliz, s.arrese@iisj.es helbidera edota telefonoz deituta: 688 719 371. Topaketa bat antolatuko da taldeko kideak elkar ezagutzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!