30 langabe gehiago zenbatuta, azken hiru urteko kopururik altuena erregistratu da Oñatin
Aspaldiko hazkunde handiena erregistratuta, aspaldi ikusten ez genituen kopuruetara iritsi da langabezia azken hilabetean gurean; 30 langabe gehiago zenbatu dira, iazko azarotik abendura gertatu bezala baina kopuru altuagotik abiatuta. 355 langabe zenbatu dira Oñatin irailaren 30eko dataz, 2023ko abuztutik ez genuen halako kopuru handirik ikusten. Kontu egin behar da gainera, iraila kontrataziorako hilabete ona izan ohi dela gurean, alegia, langabezia murriztu ohi den garaia, baina aurten ez da araua bete, kontrara, hazi egin da eta ez ohiko kopuruan, aipatu bezala.
Langabeen gehikuntza gizonezkoen artean gertatu da nagusiki eta 25 eta 44 urte artekoen artean, proportzio handiagoan, baina adin tarte guztietan hazi da. 45 urtetik gorako emakumezkoen artean berriz, abuztuko kopuru bera errepikatu da iraila amaieran. Une honetan 355 langabe daude Oñatin, esan bezala, eta 145 gizonezkoak dira, 210 emakumezkoak. Ondorioz, langabezia tasa % 6tik gora joan da otsailaz geroztik lehenengoko aldiz. Baina tasa puntu erdi handiagoa da, % 6,54, hain zuzen ere, orain hiru urte dela ikusten ez genuen mailakoa.
Orain urtetebeko datuekin konparatuta aldea handiagoa da oraindik, 54 langabe gehiago daudelako eta aipatu langabezia tasa puntu bat altuagoa.
Debagoienean ere gehitu egin da langabeen kopurua herri guztietan, Antzuolan izan ezik eta 56 langabe gehiago zenbatu dira.
Ikuspegia zabaldu eta Hego Euskal Herrira begiratuta, berriz, langabezia lau lurraldeetan handitu da eta abuztuan baino 3.238 langabe gehiago dago; baina etorkinen ezohiko erregularizazio prozesuak baldintzatu du hazkundea, adituen arabera. Izan ere 65.000 lagunek eskatu zuten beren egoera legeztatzea, eta, paperak iritsi ahala, Gizarte Segurantzan izena ematen ari dira beltzean lanean ari zirenak, eta enplegu bulegoetan, aldiz, oraintxe lanposturik ez daukatenak. Ondorioz, langabeen kopuruak gora egin du eta are gehiago modu legalean lanean ari direnenak. Pasa den astean amaitu zen legeztatze eskaerei erantzuna emateko epea, baina askok oraindik ez dute ezer jaso. Hortaz, pentsatzekoa da hurrengo hilabeteetako datuetan ere eragina izango duela prozesu horrek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!