30.000 euro banatuko dira gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean
Hiru irizpide nagusiren arabera baloratzen dira dirulaguntza hauetarako eskaerak: elkarteek aurkeztutako programa eta jardueraren orientazioa; jardute eremua eta Oñatin egoitza duten, bertako bazkideak dituzten edo herritik egindako zerbitzu eskaerari erantzuten dieten; eta entitatearen funtzioak eta aurkeztutako jardueren helburuak. Gutxieneko puntuazio bat behar da udalaren dirulaguntza jasotzeko eta eskaera egin duten 22 elkartek gainditu dute gutxieneko hori. Dirua, gainera, lortutako puntuazioaren arabera banatzen da, punturik gehien lortu duen erakundetik hasi eta aurrekontua agortu arte. Gerta liteke, elkarte batek aurkeztutako ekintzaren kostuaren %100 betetzea, eta halako zazpi kasu izan dira aurten: ADEMGI, ATECE-Gipuzkoa, ATZEGI, Duintasuna elkartea, Gautena, Gurutze Gorria eta Gipuzkoako Itxaropen telefonoa. Zazpi elkarte hauek eskatu duten dirulaguntza osorik jasoko dute eta besteei lortutako puntuazioaren arabera emango zaie. Baina, oro har, elkarteek, 800 eta 1.700 euro arteko laguntza jasoko dute.
Udalaren dirulaguntza jasoko duten elkarte gehienak Gipuzkoa mailan lan egiten dute, aipatutakoez gain, ACABE, ADAHIGI, AGIFES, Alcer, edota Iturrigorri elkartea, besteak beste; baina badira egoitza Oñatin dutenak ere, hara nola, Arantzazuko Santutegia eta bertan garatzen den Elkarrekin Bila proiektua eta Espetxeratuekiko pastoraltza.
Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzendutako dirulaguntza partida bereziki jaso da aurten eta 30.000 euro banatuko dira. Elkarteek jasotako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu beharko dute, 2027ko urtarrilaren 8a baino lehen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!