Oñatiko udala

28 lekuko aldaketa izango dira Korrikak Oñatin egiten dituen kilometroetan

2026/03/25
Card image cap
Korrikaren pankarta udaletxean
Frontal eta argiak nahiz txalekoak eramatea eskatzen da antolakuntzatik

  Larunbat goizaldera, 4:45etan Elorregitik sartuko da 24. Korrika Oñatira eta herrigunerainoko bidea egin ondoren, ordu eta erdi beranduago, 6:15etan, Elorregitik Bergarako bidean jarraituko du. Bitarte horretan, 28 talde, erakunde eta ikastetxetako lagunek eramango dute lekukoa.

  EUSKARA GARA lema herririk herri zabaltzen diharduen 24.Korrika Bilbon amaitu bezperan pasako da Oñatitik. Korrikak gurean egingo dituen kilometroetan 28 talde, erakunde, ikastetxe eta lantegiren ordezkariek eramango dute lekukoa. Gipuzkoako urak enpresakoek hartuko dute lekukoa Elorregin eta Lurraldebuseko langileak, Nandrolly, Lana, Makalena elkartea, ULMA, EH Bildu, Joxely kuadrila, Udala, Natra, Hijos de Juan de Garay Txantxiku ikastolako ikasleak, Oñatz, Urgain herri eskola, Eraiten Elkar Hezi, Gaztetxea, Aloña Mendi, Ulma taldea, Onnera Group, Arrano-Sortu-LAB-Ernai, EAJ, Txantxiku ikastolako langileak, Tia Pepi taldea, Zorrobero, Bizipoz eta Lekeitioko deabruak antzerki taldea dira Oñatin lekukoa eramango dutenak. Lekukoaren aldaketak ibilbidean jarritako paneletan adieraziko dira eta hartzaileei 20-30 mintuko aurrerapenez lekuan egotea eskatzen zaie. Bide batez, gogoratu, peto zenbakituak Kultur etxean jaso behar direla.

  Guretik Korrika gauez pasako dela kontutan hartuta, frontala eta argiak nahiz txalekoak eramatea eskatzen dute antolatzaileek, segurtasuna areagotu eta arriskuak txikitzeko, izan ere, Korrika denok batera egin arren itzulerakoa norbere kabuz egingo baita, eta zenbait lekutan errepide nagusitik. Ostiral gaua luzatu eta Korrika gurera iritsi bitarteko orduak betetzeko plana egin dute askok, beste batzuk, goizean goiz jaikita batuko dira Korrikara. Edonola ere, parte hartzeko gogoa ikusten da herrian.

  Gaztetxoenak izango dira Korrika egiten lehenak, ostiral arratsaldean, 14:30etatik aurrera Korrika txikia egingo baita, plaza, Etxaluze, Santa Marina plaza arteko zirkuitoan, ohikoa denez. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, mailaka eta ikastetxez ikastetxe lekukoa pasaz osatu dute Korrika txikia, ostiral arratsaldean, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!