26 saltokik parte hartuko dute Oñatiko XVIII. erakusleiho lehiaketan
Iazko kopurua handituta 26 saltoki animatu dira udalak antolatzen duen erakusleiho lehiaketan parte hartzera. Guztiek, 50 euroko dirulaguntza jasoko dute, parte hartze hutsagatik. Erakusleihoak datorren astearterako, hilaren 9rako apainduta egon beharko dira eta 31ra arte mantendu beharko dira, gutxienez. Herritarren edo haurren sarirako bozka eman nahi dutenek ordea, abenduaren 17ko data hartu beharko dute gogoan, 14:00ak arteko epea izango baita gustuko eskaparatearen aldeko botoa emateko.
5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek Kontzejupetik aldizkarian argitaratuko den orritxoa beteta eman ahal izango dute bozka, Txaloka ludotekan edo Gaztelekuan jarriko diren hautestontzietan utzita. Haur bakoitzeko bozka bakarra onartuko da. Parte hartzen duten haur guztien artean Oñatiko saltokietan gastatzeko 100 euroko erosketa-txartela zozkatuko da. Sarituak, berriz, 300 euro jasoko ditu. Orain bi urte estreinatu zen Haurren sariak lekua hartu du, Herritarren sariarekin batera. Kasu honetan, 12 urtez gorakoek udaleko webgunean sartuta bozkatu beharko dute, hau da, modu telematikoan, internetez. Herritarren saria eskuratzen duen dendako arduradunak 500 euro jasoko ditu eta bozkatzen duten herritarren artean beste 100 euro zozkatuko dira. Adituz osatutako epai mahaiak berriz, ohiko hiru sari emango ditu, 500, 300 eta 200 eurokoak. Erakusleihoaren konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna baloratuko ditu adituen epai-mahaiak. Zenbait dendari hasi dira erakusleihoak apaintzen, nahiz eta zaindu beharko den eguna abenduaren 9a den. Ordurako eskaparateak bereziki apainduta egon beharko dira.
Iazko lehiaketan 23- dendek parte hartu zuten eta Txokolateixak sari bikoitza eskuratu zuen, epaimahaiaren lehen saria eta Haurren saria; bigarrena, Barue interiorismoak eraman zuen eta hirugarrena, Andrea Azkoaga interioristak. Herritarren saria, berriz, Kimu-Urtxin lora dendak jaso zuen. Abenduaren 18an, eguerdian, egingo da aurtengo sari-banaketa eta udal ordezkariak izango dira dendetara, saria ematera joango direnak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!