22.495.557 euroko udal aurrekontua onartu da datorren urterako, EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren ezezkoarekin
Udal kontu-hartzaileak eman ohi ditu aurrekontu proposamenaren lehen xehetasunak plenoan, eta adierazleen irakurketa eta balorazio teknikoa egiten du. Adierazleen irakurketa aurtengo aurrekontuaren datuekin alderatuta egin zuen eta aipatu ohi dituen sei adierazleetatik lau positiboak direla, bat negatiboa eta bestea hobetu beharrekoa esan zuen. Oñatiko Udalaren zorpetze bizi erlatiboa %31,30 dela zehaztu zuen, Gipuzkoako pareko udalen eta Gipuzkoako bataz bestekoaren gainetik dagoena, hain zuzen. Hori 2026an hartzea aurreikusten den mailegura lotu zuen. Inbertsioei aurre egiteko 475 mila euroko mailegu beharra jaso da aurrekontuetan, beti ere, 2025eko ekitaldiaren emaitzen arabera. Hala ere, aurrezki arrunt positiboa azpimarratu zuen adierazle nagusi moduan.
Eta horixe aipatu zuen Izaro Elorza alkateak ere, 2026ko udal aurrekontuaren ezaugarri nagusiak bost puntutan laburbildu zituenean:
- Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenarekin, guztira, 22.495.557 euro lirateke Oñatiko Udalak 2026 ekitaldiko proiektuak gauzatzeko lituzkeenak. Iazkoarekin alderatuta, %1,86ko igoera izango du aurrekontuak.
- Sarrerei dagokienez, ordenantzetan KPIa eguneratzeari esker diru sarreretan igoera bat izango dugu. Bestetik, Foru Funtsean ere 638 mila euroko igoera aurreikusi da. Eta 200 mila euroko sarrera gehikuntza izango dugu gordailuen interesengatik.
- Udal enpresen dibidendoetan, guztira 550 mila euro aurreikusten dira.
- 2,3 milioi euro inguru izango ditugu inbertsioetarako. Ohi moduan, etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko proiektu eta azpiegituretara bideratuko dugu kopuru hori.
- Aurkezten dugun aurrekontu proposamenak, 1,9 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa du. Beste urte batez, Udal honen egonkortasun ekonomikoa bermatuko da.
Ondoren, Ogasun batzordeburu Xabier Igartuak hartu zuen hitza eta aurrekontuetan jasotako hainbat partida eta proiektu aipatu zituen: kultura eta kirol eragileei nahiz auzoetako jai batzordeei zuzendutako dirulaguntzak % 5 jasotzea aurreikusten dela azaldu da. Birgaitze proiektuei dagokienez, kale Zaharra eta Otadui zuhaiztiaren arteko lanen lehen fasea egikaritzeko 335.000 euro eta Olaiturriko gunea egokitzen jarraituko da eta lurra konpondu eta bestelako esku-hartzetarako 125.000 euro bideratuz. Mendiko kalean eta San Lorentzo auzoan hasita dauden irisgarritasun lanak amaituko dira. Etxebizitzaren arazoari helduz, Udalaren jabetzakoa den Kurtzekuako lursail batean etxebizitza eredu berri bat sortzeko azterlana egingo da. Eltzian ikasketa gune berri bat sortuko da eta jubilatuen etxea hobetzeko lanekin jarraituko da. Gainera, zaintza planerako eta harrera plan integralerako 40.000 eta 30.000 euroko partidak berezitu dira, hurrenez hurren. Beste partida azpimarragarri batzuk ere jaso dira 2026ko udal aurrekontuetan: 300.000 euro partaidetzazko aurrekontuei lotuta, 114.000 ikastetxeei zuzendutako dirulaguntzak eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko elkarlan proiektuetarako, 35.000 euro musika eskolako birgaitzeetarako edota 15.000 ondarearen diagnostiko eta mantenu lanetarako, besteak beste. Amaitzeko, aurkeztutakoarekin gobernu taldea pozik dagoela esan zuen.
EAJk aurkeztutako 10 proposamenetako bi onartu eta txertatu dira aurtengo aurrekontuetan: Kalegoienan komun publikoa jartzeko 50.000 euroko partida eta aurrekontuaren % 0,7a garapenerako lankidetzara bideratzea, hau da, 157.500 euro, lehendik zegoen partidara bese 21.000 euro erantsita. Jeltzaleen beste zortzi proposamenak atzera botatzearen arrazoiak eman zituen Xabier Igartuak.
Xabier Mugarza jeltzaleak hartu zuen hitza jarraian eta EAJren proposamenak errepasatu zituen. Ondoren, gobernu taldearen aurrekontu proposamenari buruz iaz esandakoa errepikatu zitekeela adierazi zuen, hau da, zehaztasun eta planifikaziorik gabekoa dela. Aurrekontuetako partiden zehaztasun falta eta exekuzio maila baxua aipatu zituen Mugarzak, kontra bozkatuko zutela iragarriz.
Baina udal aurrekontuen inguruko eztabaida etxebizitzen bueltan zentratu zen, nagusiki. Oñatin etxebizitza falta dagoela adierazi zuten jeltzaleek eta horren aurrean gobernu taldeak ez duela ezer proposatzen esan zuten, ez udal aurrekontuetan, ez zerga ordenantzatan ezta HAPOan ere. Mugarza jeltzalearen iritziz ideologia gehiegi txertatu dio gobernu taldeak gai honi eta Oñatin benetan arazo den honi aurre egiteko anbizioa behar dela adierazi zuen. Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizek hartu zuen hitza eta HAPOan etxebizitzak egiteko bi gune aurreikusten direla zehaztu zuen. Etxe berriak eraikitzearen kontra ez daudela argitu zuen baina dagoeneko eraikita dauden asko hutsik daudela eta horiek merkaturatzearen alde ari direla erantsi zuen. Gainera, Kurtzekuan udalaren jabetzako orube batean zer egin zehazteko azterlana aurrekontuetan jaso zela gogorarazi zuen. Jeltzaleek, aurrerapauso bat emanda, Kurtederixa gunean orubea erosi eta etxebizitzak egiteko Eusko Jaurlaritzari lagatzea proposatzen zuten, arazoari epe erdi eta luze batean ez baizik eta ahalik eta azkarren heldu behar zaiola adierazita.
Amaieran, bozketa egin zen; jeltzaleen emendakinak banaka bozkatu ziren eta bi onartu ziren, lehen aipatu bezala. Ondoren, aurrekontu proposamena orokorrean bozkatu eta onartu zen, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!