216 ikaslek jaso dute Gurutze Gorriaren eskola-materiala

Debagoienean zaurgarritasun egoeran dauden 216 ikaslek jaso dute Gurutze Gorriaren eskola-materiala. Iaz baino 18 laguntza eskaera gehiago jaso ditu Debagoieneko postuak. Izan ere, laguntza hauek jaso ahal izateko, familia eskatzaileek Debagoienean bizi behar dute, lehen eta bigarren hezkuntzako mailetan matrikulatutako seme-alabak izan behar dituzte, beren kalteberatasun-egoera aitortua izan behar dute eta eskaera egin behar dute Gurutze Gorriak prestatutako online formularioaren bidez. Material loteak prestatzerakoan haur edo gaztetxoaren adina eta beteko duen ikasmaila hartu dira kontutan. Ekimen hau aurrera eramateko Gurutze Gorriko boluntarioak eskualdeko herrietako Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan aritu dira.
13 boluntarioko taldea arduratu da eskola-materiala prestatu eta banatzeaz. Boluntarioen garrantzia gogora ekarri du Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak, jarduera honen benetako motore direla azpimarratuz, eta balizko boluntarioei gonbidapena luzatuz, bakoitzak ahal duen neurrian bere ekarpena egiteko aukera duela gaineratuta. Banatu den eskola-materiala Debagoieneko Gurutze Gorriak erosi du, ekarpen ekonomiko partikularrei, bazkideen konpromisoari eta uztaileko Urrearen Zozketaren diru-bilketari esker.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!