2026ko udal egutegia ilustratuko duten 12 argazkiak hautatu dira
Toponimia izango da datorren urteko udal egutegiaren gaia eta Oñati, izana eta izena goiburua eramango du. Helburua da herriko leku-izenek gordetzen duten ondare linguistiko eta kulturala balioan jarri eta ezagutzearekin batera zabaltzea. Guztira 23 oñatiarren 68 argazki jaso dira Udalak propio antolatu duen lehiaketan eta horietatik 12 argazkilariren beste horrenbeste irudi hautatu ditu epai-mahaiak. Egile bakoitzak 80 euroko saria jasoko du.
Argazkiak aukeratuta, Bigga estudioaren esku jarriko dira, egutegia osatu dezan. Azken urteetako egutegien eredua jarraituko da, formatu horizontala izango du eta bistaratzen diren bi orrialdetan argazkia eta hilabetea ikusi ahal izango dira. Alde horretatik, irudia zein hilabetetan jarriko luketen galdetu zitzaien argazkilariei eta, ahal den neurrian, proposatutako hilabetearen ondoan argitaratuko dira. Guztira 5.500 ale inprimatuko dira eta etxeetara banatuko dira, urteroko ohiturari jarraituz. 2026ko udal egutegiok Gabonen aurretik banatu asmo dira.
Hauek dira argazki sarituen egileak: Joseba Albizu Larrea, Iñaki Idigoras Igartua, Xabier Urbina Arriaren, Oier Yaniz Ortigosa, Joxerra Txintxurreta Igartua, Santi Mendiola Ayastuy, Ainhoa Ayastuy Furundarena, Asier Egaña Herran, Jon Mikel Intsausti Mercero, Maialen Martinez de Zuazo Gorritxo, Helene Jaureguialzo Marquina eta Bernat Alberdi Fernandez. Aipatutako ordena jarraituko da eta egile horien argazkiak, urtarrilatik abendura hurrenez hurren argitaratuko dira, hilabete bakoitza irudikatuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!