Oñatiko udala

2026ko larreratze kanpaina abiatu du Udalak

2025/12/03
Card image cap
Larreratuko diren animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz gutuna bidali zaie ganaduzaleei

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira Udalak osatu duen oharrak hainbat gai argitzen ditu: larreratze tasak eta ganadu jabeek eman beharreko datuak, hazteria eta tricomonas bovina deritzon gaitzei aurre egiteko neurriak, auzolana eta ingurumen laguntzak. Gutunarekin batera bete beharreko inprimakia ere bidali zaie 103 ganaduzaleri, nahiz eta aurten 80ren bat izan diren ganadua herri onurako mendietan larreratu dutenak.

  Larreratze kanpainaren oharra Aloña, Artia, Txirikilaleku eta Aizgain inguruetara ganadua eraman asmo dutenei zuzenduta dago. Eskaera inprimakiak beteta abenduaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan edo elektronikoki B@kQ sinadura erabiliz Udaleko edo Foru Aldundiko egoitza elektronikoetan.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da, albaitari batek sinatuta, eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik.

  Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik, baimendutako ganadua mendian dela ziurtatzeko ikuskaritzak egon eta iruzurrak zigortu daitezkeela ohartarazten da ganadu jabeei bidali zaien idatzian. Era berean, larreak egoera onean mantentzeko deitzen diren auzolanean parte hartzen dutenei aplikatzen zaie larreratze tasaren hobaria, 150 euroko mugarekin. Baimenduek Aloabel elkarteko kide izan beharko direla eta honek antolatutako ekintza eta egitasmoetan modu aktiboan parte hartu beharko dutela ere zehazten da idatzian.

  Epeei dagokienean, ganaduaren igoera 2026ko maiatzaren 1etik aurrera egingo dela eta 2027ko otsailaren 28ra arte mendian ibili ahalko direla zehazten du Udalak. Irizpide orokor gisa, ganadua gutxienez 4 hilabete egon beharko da mendian, justifikatutako kasuetan izan ezik. Ahariak ezingo dira ekainaren 10a baino lehen mendian libre utzi eta horiek baimentzeko, kudeaketa plan bat onartu beharko da.

  Udalak jasotzen dituen eskaerak Foru Aldundira bidaliko ditu, eta honek onartutakoen behin behineko zerrenda helaraziko dio. Eskatzaileak udal tasak ordaindu eta osasun baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan jasoko du larreratzeko behin betiko baimena. Baina horretarako lehen urratsa baimena eskatzea da eta dagoeneko egin liteke, abenduaren 30a bitartean. Epez kanpoko eskaerak ez dira tramitatuko, ondorioz, ez dute larreratze baimenik eskuratuko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!