Oñatiko udala

2026a hizkuntza politika berriak sendotzeko urtea izan behar duela aldarrikatu du UEMAk

2025/12/16
Card image cap
Urte amaierako Batzar Nagusia egin da asteburuan, Urdiainen eta Zeberioren bat egite eskaerak onartuz

  Udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzi elkartu ziren Etxarri Aranatzen eta 2025eko balantzea aztertu eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza onartu zituzten, besteak beste. Orain arteko hizkuntza politikak eman beharrekoa eman duela, aldatzeko garaia dela eta erakunde publikoei horri erantzutea dagokiela adierazi zuen UEMAko lehendakari Martin Aramendik. Era berean, euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordiotara heltzeko UEMAk ahalegin guztiak egingo dituela ere adierazi zuen.

  Mankomunitatera gehitzeko Urdiainek eta Zeberiok egindako eskaerak ere onartu zituzten batzarkideek. Horrela, 120 udalek osatzen dute egun Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Kontseiluak abenduaren 27an Bilbon egingo duen Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldiarekin ere bat egin zuen UEMAk, eta bertaratzeko deia egin zuten bilerara bildutako alkateek eta zinegotziek. Oñatitik, euskara batzordeburu Iñaki Olalde izan zen.

  UEMAk amaitzear dagoen urtean izan duen jarduna laburbildu du 2025 urtekaria izeneko Berripaperan. Euskararen aurkako epaiak, euskarak lege babesa eta arnasa behar duela, justizia behar duela aldarrikatzen duen adierazpen instituzionala, mankomunitatera aurten batu diren zazpi udalen azalpena, herriz herriko datuekin landu diren koaderno demolinguistikoak eta beste hainbat ekintzen berri ematen da 2025eko Berripaperan. 24 orrialdeko liburuxka da eta herriko etxe guztietara banatzen hasi dira gaur.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!